Ekonomia -
Administrazio-kontseilua
Cesar Aliertak Telefonicako presidentea izateari utzi dio
Jose Maria Alvarez-Pallete konpainiako presidente berri izendatzea aztertuko du Telefonicako Administrazio-kontseiluak apirilaren 8an.
Agentziak | Erredakzioa
Cesar Alierta Telefonicako presidentetza utzi du gaur, 16 urte Espainiako telekomunikazio erraldoia zuzentzen eman ondoren. Jose Maria Alvarez-Palletek Alierta ordezkatuko du. Alvarez-Pallete kontseilari delegatua izan da orain arte.
Jose Maria Alvarez-Pallete konpainiako presidente berri izendatzea aztertuko du Telefonicako Administrazio-kontseiluak apirilaren 8an. Pallete Aliertak berak proposatu du, “iraultza digitalak inposatzen dituen erronkei arrakastaz aurre egiteko zuzendari trebatuena delako”.
Aliertak Administrazio-kontseiluko kidea izaten jarraituko du. Presidentetza hartu baino lau urte lehenago heldu zen Alierta Administrazio-kontseilura. Gizarte eta garapen gaietan ekarpenak egingo ditu Aliertak aurrerantzean, Hezkuntza Digitalean eta Telefonica Fundazioan esaterako.
Aliertak 2000ko uztailean iritsi zen Telefonicaren presidentetzara, Juan Carlos Villalongak utzitako lekua hartuta. Urte horietan guztietan nazioartekotzea eta konbergentzia izan ditu helburutzat. Telefonica munduko 21 herrialdetan ezarri da eta azkenaldian Espainia, Alemania eta Brasilgo merkatuak indartzeko apustua egin du konpainiak.
Aliertak gogor kritikatu izan ditu Internet bidez soilik jarduten duten enpresak, hala nola, Google edo Facebook. Telekomunikazioaren sarea garatzeko inbertsiorik egin ez izana leporatzen die.
Horrez gain, konbergentziaren alde egin du, hau da, telefonia finkoa, mugikorra, Internet eta ordainpeko telebista paketa bakarrean eskaintzea. Horrek sektorearen kontzentrazioa ekarri du eta, Estatuan, horren erakusgarri dira Vodafone eta Ono eta Orange eta Jazztel.
Alierta erreserbatua dela esan daiteke. Elkarrizketak eskaintzea eta agerraldi publikoak egitea ez ditu gogoko. Finantza sektorea eman zituen bere lehen urratsak, gerora bere ibilbide profesionalaren erdia baino gehiago Tabacalera eta Telefonica zuzentzen emateko.
1945ean jaio zen Zaragozan. Zuzenbideko lizentziatura egin zuen Zaragozako Unibertsitatean eta enpresen administraziorako master bat Columbiako Unibertsitatean, New Yorken, 1970ean.