Ekonomia -
OGasunaren datuak
Bizkaiak 446,7 milioi euroko iruzur fiskala azaleratu zuen iaz
Diru horretatik, % 70 dagoeneko berreskuratu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Aldundiak 446,7 milioi euroko iruzur fiskala azaleratu zuen iaz. Milioi horietatik, erdiak BEZaren likidazioetan atzeman zituzten; % 26, elkarteen gaineko zergan; eta, % 12, PFEZ eta ondasunen gaineko zergan.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak eta Aitor Soloeta zuzendariak Aldundiaren planaren balantzea aurkeztu dute gaur.
Horien esanetan, Iruzur Fiskalaren aurkako Planak iaz atzemandako iruzurra 2014koa baino 77 milioi euro txikiagoa izan da.
Iruarrizagak azaldu duenez, Ogasunak atzemandako iruzur "guztia" berreskuratu nahi du. Horren ildotik, % 70 dagoeneko bildu dutela zehaztu du.
Bestalde, Ogasun departamentuak 13 delituren berri eman zion iaz Bizkaiko Fiskaltzari. Orotara, 14,7 milioi euroko iruzurra.
Delitu horien artean, 9 Ogasunaren aurkakoak izan ziren, eta beste lauak agiri faltsutzeak eta ondasun lapurretak izan ziren.