Ekonomia -

Ezbeharra Santa Clara fabrikan

Lanuztea eta manifestazioa Ondarroan, lan istripua salatzeko

Sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte, eta Udalak bi dolu egun deitu ditu.

Larrialdietako langileak Santa Clara fabrikako ingurua garbitzen. EFE
Gehiengo sindikalak lanuztea deitu du Ondarruko lan istripua salatzeko

1:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte atzo Ondarroako Santa Clara izotz fabrikan izandako lan istripua salatu eta tankera honetako ezbeharrak saihesteko neurriak eskatzeko.

Hala, biharko, martxoaren 16rako, bi orduko lanuzte bat eta manifestazio bat deitu dituzte bi langileen heriotza salatzeko.

Ibon Zubiela (LAB) eta Leire Heredia (ELA) ordezkari sindikalek Bilbon eskainitako prentsaurreko batean azaldu dutenez, oraindik ez dago argi zerk eragin zuen istripua, "amoniako ihesa dela eta, ezin izan direlako lantegian sartu", baina sindikatuen ustez, "argi dago zerbaitek kale egin zuela". Hori horrela, erantzuleak topatzeko deia egin dute.

Zubielak eta Herediak emandako datuen arabera, 2016ko hiru hilabete hauetan 11 langile zendu dira Bizkaian, eta hiru, Nafarroan. Lan istripuok "ez dira zoriaren ondorio, lan baldintza txarren ondorio baizik", salatu dute ordezkari sindikalek.

Bien hitzetan, "lan istripuen atzean prekarietatea dago; beraz, lan istripuak saihestu daitezke, neurri egokiak hartzen badira".

Hildakoen senitartekoei eta Ondarroako herriari doluminak eman dizkiete sindikatuetako ordezkariek eta lan ezbeharra salatzeko deitutako mobilizazioak zehaztu dituzte: 11:30etik 13:30era lanuztea egingo dute, eta 12:30ean manifestazioa abiatuko da Zaldupeko zubitik.

Udalak bi dolu egin deitu ditu

Bestalde, Udalak bi dolu egun deitu ditu, eta bat egin du sindikatuek iragarritako mobilizazioekin.

Udalak ezohiko saioa egin du gaur arrantzaleen kofradia zaharrean. Horretan, Zunbeltz Bedialauneta (EH Bildu) alkateak bere alderdiak eta EAJk adostutako adierazpen instituzionala irakurri du.

Testuan, Udalak istripua zerk eragin duen argitzea eskatu du, eta elkartasuna adierazi die hildako langileen senideei. Gainera, babes ekonomikoa eskaini die.

Gainera, balizko erantzuleen aurka epaiketa egiten bada, herri akusazio gisa pertsonatuko dela aurreratu du.

Udalak gertatutakoari buruzko informazioa helaraztea eskatu dio Santa Clara enpresari.

"Lan egiten dugunon segurtasuna minimoki ezin badugu bermatu, zerbait larria ari da gertatzen gure gizartean", deitoratu du Udalak.

Halaber, salatu egin du "enpresariak etekina ateratzeko nahia beste edozein helbururen gainetik" jartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ekonomia 2024 Ondarroa Eguneko albisteak Manifestazioak