Ekonomia -
Lan erregulazio espedientea
TRWko langileen 'bidezko' aldarrikapenak babestu ditu foru ganberak
Zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak azken bilera dute gaur, beharginentzat "irtenbide ez traumatikoa" negoziatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
TRW enpresako langileen lan-aldarrikapen "bidezko eta legitimoei" babesa agertu diete gaur Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak, alderdi guztiek babestutako ebazpen batean.
Lan gatazkari irtenbidea ematea, enpleguak bermatzea eta lan-baldintza duinak eskatu ditu foru ganberak.
ZF-TRWren zuzendaritzari eta enpresa batzordeari helaraziko dio orain ebazpena. Bi aldeak 123 langileri eragingo dien enplegu-erregulazio espedientearen inguruan negoziatzen ari dira.
Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute langileentzat "irtenbide bidezko eta adostua" eskatzen.
Negoziazioen azken eguna
TRWren enpresa-batzordeak eta zuzendaritzak bilera dute arratsaldean Landabengo (Iruña) lantegiko beharginentzat "irtenbide ez traumatikoa" negoziatzeko.
Josi Alvarez TRWko enpresa-batzordeko presidenteak "hitzaldiak bazter utzi eta negoziatzen hasteko" galdegin dio zuzendaritzari. "TRWk proposatutako hiru bileren arteko azkena dugu arratsaldean, mahai gainean jarri diogun proposamena aztertzeko eskatu behar diogu zuzendaritzari", esan du Alvarezek.
Langileen helburua 123 kaleratze egon beharrean, aurre-erretiroak eta borondatezko bajak egotea.
"Irtenbide traumatikoak saihestu nahi ditugu eta lantegi honen etorkizuna epe luzera bermatzea", adierazi du Alvarezek. Zuzendaritzarekin egindako beste bi bileretan, ordea, ez dute akordiorik lortu. Alvarezen hitzetan, "atzoko batzarrean ez zen ia negoziaziorik izan".