Ekonomia -
Bisita ofiziala Brasilen
Patxi Lopez: "Brasilen garapenean lagundu nahi dugu"
"Brasil garapenaren trenera igo" dela adierazi du lehendakariak. Euskal enpresaburuak "ez dira espekulatzaileak", Lopezen hitzetan.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren ahotan, "Brasilen garapenean lagundu nahi dute" euskal enpresariek. Lopezek hitzaldia eman du gauean enpresarien aurrean, Brasilera bisitan lagundu duten euskal enpresarien aurrean, hain zuzen ere.
"Brasil garapenaren trenera igo den" herrialdea dela adierazi du lehendakariak, Lula Da Silva presidenteak "martxan jarritako egitasmoari esker". Brasil "enpresarientzat zein brasildarrentzat aukera ugari dituen herri handi bat" dela esan du agintariak.
Zentzu horretan, euskal enpresariak "espekulatzaileak ez" direla goraipatu du Lopezek. "Euskal enpresek eustea zer den badakite, gero irabazteko", azpimarratu du euskal agintariak.
"Guztientzat aberastasuna sortzea posible dela demostratzen ari dira euskal enpresak", nabarmendu du.
Euskadi, herri "serioa"
Bestalde, Euskadi herri "serio" bat dela esan du lehendakariak, enpresa sare "bizkorra eta eraginkorra" duelako. "Beste batzuk baino prestatuago gaude", erantsi du. Gainera, Euskadik "administrazio indartsuak ditu, orain ere", Lopezen hitzetan.
"Gai-zerrenda luze batekin etorri gara, baina agenda luzeago batekin alde egingo dugu", adierazi du Gasteizko Exekutiboko buruzagiak.
Azkenik, "ereitera" etorri direla esan die Lopezek enpresariei, "eta Euskadira heldu bezain laster ureztatzen hasi beharko dugu, gero bildu ahal izateko". "Herriaren ikuspegiaz joka dezagun", gaineratu du lehendakariak.