Ekonomia -

Bisita ofiziala Brasilen

Patxi Lopezek euskal "lobby" bat osatzea proposatu du

Munduan zehar dauden euskal "herritarren sarea" bulego batean zentralizatuko dute, "Euskadik munduan jokatzen duen papera indartzeko". Gerdauk 55 milioiko inbertsioa egingo du Sidenorren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak "lobby" moduan jokatzeko eskatu die Brasilen dauden euskal herritarrei, "Euskadik munduan duen lekua hobetzeko".

Lehendakaria Brasileko euskaldunen ordezkariekin bildu da Sao Paulon eta eskea egin die: "Zuen lekutik, herrialdea inork baino hobeto ezagutzen duzuen heinean, Euskadiren enbaxadore izatea nahi dugu".

Lehendakariak iragarri du munduan zehar dauden euskal "herritarren sarea" bulego batean zentralizatuko dutela. "Lobby hori zuen guztien erreferentzia eta babesa izan dadila nahi dugu", gaineratu du.

Ekitaldia Sao Pauloko zentroko hotel batean egin dute eta duela dozenaka urte Brasilen bizi diren euskal herritarrak bertaratu dira. Lehendakariaz gain, Guillermo Etxenike Kanpo Harremanetarako arduraduna eta Bernabe Unda Industria sailburu izan dira.

"Zuek, Brasileko euskal herritarrak, zarete anfitrioi egokienak lan hau gauzatzeko. Gure tradizioak mantentzeko, gure kultura zabaltzeko eta euskaldunak izateagatik harro zaudetelako, egin duzuen esfortzua da gure aberastasun handienetakoa", azpimarratu du lehendakariak.

Brasilgo enpresentzat Europarako sarrera Euskadi izatea helburu, lehendakariak "munduan euskal lobby bat" sortzearen aldeko apustua egin du. "Lobby" hori "ikerketa, enpresa, kultura, arte eta elkartasun alorretako jendez" egongo da osatuta eta helburua "Euskadiren interesak babestea" izango da.

55 milioiko inbertsioa Sidenorren

Grupo Gerdauk 55 milioi euroko inbertsioa egingo du aurten Espainiako Estatuan Sidenorrek dituen plantetan, Jorge Gerdau taldeko presidenteak Sao Paulon azaldu duenez.

Gerdauk bilera egin du lehendakariarekin Brasilen egiten ari den bisita ofizialean eta Sidenorreko akzionista nagusiak dituen asmoei buruz hitz egin dute.

Sidenorrek bost planta ditu Estatuan, lau EAEn (Basauri, Gasteiz, Azkoitia eta Legazpi). Gainera, Forjanor filialak Elgetaren ere ekoizten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea