Ekonomia -
Bisita ofiziala Brasilen
Patxi Lopez:"Brasilentzat Euskadi Europarako sarrera izan behar da"
Bisitak iraungo duen lau egunetan batzar ugari izango ditu lehendakariak eta Lula da Silva presidentearekin ere batzartuko da. Euskal enpresak Brasilen sendotzea da helburua.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakari buru duen ordezkaritza instituzionala eta enpresariala Sao Paulon da jada. Bisitak izaera ekonomikoa dauka eta Brasilgo Gobernuko ordezkariekin ere bilerak izango dituzte.
Bilera-sortarekin hasi aurretik, lehendakariak agerraldia egin du kazetarien aurrean eta bidaiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. "Bidaia hau ez da Eusko Jaurlaritzarena, euskal enpresena baizik; Euskadi enpresa brasildarrentzat Europan sartzeko atea dela erakutsi nahi dugu", nabarmendu du.
"Euskadi berritzailea eta leihakorra dela erakutsi behar dugu, Brasilentzat negozio ona garela; mezu hori helarazi behar dugu aste honetan", erantsi du. &' || 'nbsp;
Bileraz-bilera
Lau eguneko iraupena izango duen bisitaldi honetan, Patxi Lopezek hainbat elkarrizketa eta bilera izango ditu, tartean Lula da Silva presidentearekin eta bere gobernuko ministro ezberdinekin.
Horrez gain, euskal ordezkaritzak Brasilgo enpresak ikusteko aukera izango du eta konpainia garrantzitsuenetako zuzendaritzekin bilduko da. Era berean, CIE Automotive eta CAV euskal enpresek Brasilen dituzten fabrikak bisitatuko dituzte.
Bestalde, lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak ordezkariek Brasilen bizi diren euskal herritarrei harrera-ekitaldia ere egingo die.
Brasilera egindakoa, lehendakariak atzerrira egingo duen bisita ofizialetatik lehendabizikoa da. Euskal enpresei Brasilen finkatzen laguntzea da bisitaren helburu nagusietako bat. Egun Brasileko lurralde ezberdinetan 30 euskal enpresen 50 lantegi ari dira ekoizten.
Lehendakariarekin batera ordezkaritza zabala joan da Brasilera: Bernabe Unda Berrikuntza, Komertzio eta Turismo sailburua; Iñaki Lopez Confebaskeko presidenteordea eta 125 euskal enpresetako zuzendari talde bat, besteak beste.