Ekonomia -
EBAZPENA
EHUn hildako langileak 'lan-harremana zuen enpresarekin'
2014ko maiatzaren 22an izan zen lan istripua, Leioako campusean. Epaileak ebazpenean jaso duenez, Lan Ondo Multiservicios enpresarekin 'lan-harremana' zuen lan-istripuan hildako langileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EHUko Leioako campusean 2014ko maiatzean liburutegiko eraikineko teilatutik behera erorita hil zen langileak "lan-harremana" zuen Lan Ondo Multiservicios enpresarekin, eta "ez zen autonomoa". Enpresak, baina, ez zion kontraturik egin, eta Gizarte Segurantzan ez zuen haren izenik eman. Hala ebatzi du Bilboko Lan Arloko Epaitegiak auziaren ebazpenean.
CCOO sindikatuak eman du gaur ebazpenaren berri. Hildakoaren familiaren lege-ordezkari gisa aritu da epaiketan CCOO. Pertsonatuta jarraituko duela jakinarazi du sindikatuak, eta Lan Ondo Multiservicios enpresako administratzaileentzat kartzela-zigorra eskatuko duela.
2014ko maiatzaren 22an izan zen lan-istripua, Leioako campusean. Ebazpenak zehazten duenez, EHUk Gaimaz enpresa kontratatu zuen, liburutegiko teilatuan berritze lanak egiteko, eta enpresa horrek Lan Ondo Multiservicios azpikontratu zuen horiek burutzeko.
Comisiones Obrerasentzat ebazpena "urrats positiboa" da.