Ekonomia -
Uztailean
BEZ igotzearen alde agertu dira Diputatuen Kongresuan
PSOEk, CCk eta EAJk. PSOEk, CCk eta EAJk PPk aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu dute. Gobernuak Espainiako BEZ igo nahi du, uztailean.
Erredakzioa
PSOEk, CCk eta EAJk BEZ igotzearen aurka popularrek aurkeztu duten mozioa bertan behera utzi dute, Diputatuen Kongresuaren osoko bilkuran egindako bozketan.
Proposamena Cristobal Montoro PPko bozeramaileak defendatu du eta BEZren igoera Gobernuaren politika ekonomikoaren porrotaren erakusle argia dela esan du. PPren mozioa atzera bota dute PSOEk, CCk eta EAJk.
PPren proposamenak kontrako 176 boto jaso ditu, eta 170 alde. Alderdi Popularraz gain, CIUk, ERCk, IUk, ICVk, BNGk, Nafarroa Baik, UPNk eta UPyDk babestu dute mozioa.
"Krisi eta langabezi gehiago ekarriko dizkigu", ohartarazi du Montorok. PPko bozeramailearen ahotan, zergak jaitsiz "Estatuko diru-kutxak betetzen dira". Iritzi publikoa BEZren igoeraren "kontra" dago "argi eta garbi", Montororen hitzetan.
CIU
PPrekin batera, Josep Sanchez Llibre CiUko bozeramailea BEZren igoeraren "erabat kontra" agertu da, baina PP baino "moderatuago", izan ere, ekonomia suspertzen denean zerga hori igotzea ez baitu baztertu.
Bestalde, ERC-IU-ICVko bozeramaileek zuzenketa bat defendatu dute, Exekutiboak BEZren igoera kentzeko eskatuz. Horren ordez iruzur fiskalaren kontrako egitasmo bat ezartzea eskatu diote Gobernuari, kudeaketa hobetzeko, PFEZren gehikortasuna bultzatzeko eta Ondarearen Gaineko Zerga berreskuratzeko. Era berean, premia biziko ondasunen BEZ jaistea eta luxuzko produktuena igotzea eskatu diote Exekutiboari.
EAJ
"Putz egin eta irenstea aldi berean ezinezkoa" dela gogorarazi dio Pedro Aspiazu EAJko ordezkariak PPri. Krisitik ateratzeko neurri bakarra zergak jaistea izatea ezinezkoa dela adierazi du Azpiazuk, gastu publikoan eragin handia duelako.
Cospedal
Ordu batzuk lehenago, "BEZren igoera martxan jarriko dutela ematen du", esan du Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak, baina "kontsumoa suspertzeko ona ez" dela jarraitzen du pentsatzen PPko ordezkariak.
"Espainiako emakumeek eta gizonek kontsumitzea, eta gero eta gehiago kontsumitzea da beharrezkoa", erantsi du Gaztela-Mantxako PPko presidenteak Guadalajaran, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan.
Arratsaldean, Diputatuen Kongresuan egin beharreko bozketaz mintzatu da Maria Dolores de Cospedal. Balio Erantsiaren Gaineko Zerga (BEZ) igotzearen kontrako proposamena seguruenik atzera botako dute PSOEk, CCk eta EAJk. Igoera uztailean indarrean sartzea espero da.
"Ez da ona"
"Igoera ekonomia suspertzeko neurri desegokia da", Cospedalen hitzetan. Horregatik, "neurriaren kontra egiten jarraituko dugu", gaineratu du.
"Logikoa denez, Alderdi Popularraren proposamenak aurrera ateratzen ez baldin badira, neurria aplikatu egingo dute", erantsi du PPko idazkari nagusiak.
Esperanza Aguirre Madrilgo presidenteak matxinadara deitu du igoeraren aurrean. Zentzu horretan, "erkidegoetako presidente bakoitzak BEZren igoeraren kontrako adierazpenak nahi bezala egin ditzake", azaldu du Cospedalek.