Ekonomia -
Ajuria Enean
Patxi Lopez ekonomia adituen batzordearekin bildu da lehen aldiz
Batzordea 25 pertsonak osatzen dute, tartean Josu Jon Imaz eta Ignacio Sanchez Galan Petronorreko eta Iberdrolako presidenteak, Patxi Lopezi aholkuak emateko helburuz.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakaria ekonomia adituen batzordearekin bilduta dago lehen aldiz, Gasteizen. Aditu taldearen helburua lehendakariari "ideiak eta hausnarketak" ematea izango da, "Euskadiren garapenerako" beharrezkoak diren "politikak" ezartzeko asmoz.
Batzordea 25 pertsonak osatu behar bazuten ere, azkenean Jose Antonio Ardanza lehendakari ohi eta Euskalteleko presidentea ezin izan da joan, bihotzekoak izan baitu. Orain Galdakaoko Ospitaleko zainketa berezien gelan daukate.
Bilera Ajuria Enea Jauregian egiten ari dira.
Otsailaren 12an, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, batzordearen saioak "publikoak" izango direla azaldu zuen lehendakariak.
Halaber, 25 kideak hautatzeko irizpideak "onenei" galdetzea izan dela ziurtatu zuen. "Ideologiak alde batera utzi ditut, eta pozik nago jaso ditudan erantzunekin", gaineratu zuen.
Bere esanetan, batzordea sortzea ez da "azken orduko asmakizuna", Gobernura heldu baino lehen hartutako konpromisoa baizik.
25 adituak
- Jose Maria Aldecoa, Mondragon Korporazioko presidentea
- Claudio Aranzadi eta Juan Manuel Eguiagaray Industria ministro ohiak
- Jose Antonio Ardanza, Euskalteleko presidentea (ezin izan da joan bilerara)
- Luis Atienza, Red Electrica Españolako presidentea
- Jose Maria Baztarrika, CAFeko presidentea
- Santiago Bengoa, CCOO-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi ohia
- Carlos Trevilla, UGT-Euskadi sindikatuko idazkari nagusi ohia
- Alejandro Echevarria, UTECAko presidentea
- Mario Fernandez, BBK-ko presidentea - Maria Luisa Guibert, Algeposa taldeko presidentea
- Josu Jon Imaz, Petronorreko presidentea
- Jose Antonio Jainaga, Sidenorreko kontseilari delegatua
- Jose Luis Larrea, Ibermaticako presidentea
- Jon Larrinaga Ekonomia sailburu ohia
- Guillermo Ulacia, Innobasqueko presidentea
- Emiliano Lopez Achurra, Euro-Defik Espainian duen presidentea
- Iñaki Lopez Gandasegui, Aernnovako presidentea
- Ignacio Marco Gardoqui, Morgan Stanleyko zuzendari exekutiboa
- Ignacio Sanchez Galan, Iberdrolako presidentea
- Arantza Mendizabal EHUko katedraduna
- Felipe Serrano EHUko katedraduna
- Roberto Velasco EHUko katedraduna
- Ignacio Zubiri EHUko katedraduna
- Susana Rodriguez Deustuko Merkataritza Unibertsitateko dekano ohia