Ekonomia -

Krisi ekonomikoa

Grezia porrotetik salbatzeko neurri gehiago hartuko ditu Papandreuk

"Neurri gehiago hartzea beharrezkoa izango da", esan du Greziako lehen ministroak, bestela "amesgaiztoa oso handia izango da".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak hersturako neurri gehiago aurkeztuko dituela iragarri du gaur Giorgios Papandreu Greziako lehen ministroak, Estatuko "ekonomia" porrotetik "salbatzeko".

"Neurri gehiago hartzea beharrezkoa izango da", esan du Papandreuk Parlamentuan, bestela "amesgaiztoa oso handia izango" dela azpimarratu du. "Gure seme-alabak porrot lazgarri batetik salbatzeko" borroka egingo duela agindu du Papandreuk.

Greziako kontu publikoak EBren zaintzapean dira, Atenasek defizit publikoa lau puntu jaisteko. 2009an BPGren % 12,7ra heldu zen defizita.

2010ean Greziako defizit publikoa BPGren % 8,7ra murrizteko "neurri berriak" eskatu zituen atzo Olli Rehn EBko Ekonomia komisarioak.

Aparteko ordainsariak

Horrela, datozen 24 orduetan aurrezteko neurri berriak aurkeztuko dituela iragarri du Papandreuk. 600.000 langile zibilen aparteko ordainsarietako bati eragingo diote neurriek.

Gainera, pentsioak bere horretan uztea eta tabakoaren, edarien eta erregaien gaineko zergak igotzea espero dute. Era berean, BEZak bi puntu gora egingo ditu produktu guztietan, % 19tik 21era, elikagaietan izan ezik.

Neurri horiekin 4.500 milioi euro lortu nahi dituzte.

Langile zibilen sindikatuak (Adedy) 24 orduko greba deitu du martxoaren 16rako, aparteko ordainsarien murrizketaren kontra protesta egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea