Ekonomia -
Lan-gatazka
Aernnovako presidenteak dio Arabaren aldeko apustua egin duela
Hala ere, langile batzordeak ohartarazi du, lan erregulaziorako txostena erretiratu arrean, lan-karga arazoak eta enpresaren “mehatxuek” bere horretan dirautela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñaki Lopez Gandasegui Aernnovako presidenteak Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari esan dio Euskadiren eta Arabaren aldeko apustua egin duela eta Berantevillako lantegiaren lehiakortasuna hobetzeko asmoz langileekin hitz egiteko prest dagoela.
Gandaseguik eta Gonzalezek bilera egin dute gaur, Aernnovak bizi duen egoera aztertzeko. Zuzendaritzak duela zenbati egun erretiratu zuen 133 kaleratzeko lan erregulazio txostena.
Arabako Aldundiak azaldu duenez, bilera “adeitsua” izan da eta Aernnovako presidenteak langileekin akordio batera heltzeko borondatea agertu du.
Diputazioak bilera positiboa izan dela esan du eta etorkizunean batzar gehiago egiteko asmoa iragarri du, Berantevillako lantegian enplegua bermatze aldera.
Langileek mobilizazioak deitzea aztertuko dute
Bestalde, Aernnovako enpresa batzordeak bilera egingo du asteazken honetan, Berantevillako lantegiaren egoera aztertzeko eta mobilizazioak deitu ala ez erabakitzeko.
Zuzendaritzak 133 langile kaleratzeko lan erregulazio txostena erretiratu badu ere, komiteak gogora ekarri du lan-karga arazoak eta enpresaren “mehatxuek” bere horretan dirautela.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin eta Aernnovako zuzendaritzarekin biltzea eskatuko dute.
Gainera, ostegunean Madrilen izango dira, Industria Ministerioko ordezkariekin biltzeko, eta ostiralean Legebiltzarrean egongo dira, Aernnovaren egoeraren harira EH Bilduk aurkeztutako ekimena eztabaidatuko dutelako.