Ekonomia -
EEE
Enpresa-batzordearen ustez, Aernnovak ez die uko egin kaleratzeei
Multinazionalari 'ardurak' eska diezazkiola eskatu dio Jaurlaritzari, 'lantegiaren eta langileen etorkizuna bermatu arte'.
Agentziak | Erredakzioa
Aernnova multinazionalak Berantevillan (Araba) duen lantegiko enpresa-batzordeak gaur ohartarazi duenez, behin 133 pertsona kaleratzea proposatzen zuen enplegu-erregulazioko espedientea atzera botata, hauteskunde orokorren ostean enpresak asmo horri berriz heltzeko arriskua dago, helburu berari eutsirik edota okerrago bati ekinez.
Horren aurrean, enpresa-batzordeak multinazionalari ardurak eska diezazkiola eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "lantegiaren eta langileen etorkizuna bermatu arte". "Gaur-gaurkoz, Aernnovak ez dio uko egin langileak kaleratzeko zuen asmoari", berretsi du.
ELAk Gasteizen duen egoitzan egindako prentsaurrekoan, enpresa-batzordeko presidente Juan Carlos Gomezek esan du "albiste ona" dela enpresak EEEa atzera bota izana. Hala ere, azpimarratu duenez, enpresak ez du inolako azalpenik eman erabaki hori hartzeko benetan izandako arrazoien gainean. Horrenbestez, arduraz ikusten du datozen hilabeteetan zer egingo duen azaldu ez izana. Hori dela eta, batzar bat izatea eskatu dio enpresari.
Euskadiko erakundeak bereziki kritikoak izan ziren Aernnovarekin, Berantevillako lantegian EEEa aurkeztu eta handik gutxira Toledoko instalazioetan 145 enplegu sortzeko asmoa zuela iragarri baitzuen, Airbus A-350 berriko bidaiarien atea fabrikatzeko.
EH Bilduk proposamen bat aurkeztuko du Legebiltzarrean
EH Bilduk proposamen zehatza egingo du Legebiltzarrean, enpresek diru-laguntza publiko guztiak itzuli behar izan ditzaten deslokalizazioak edo kaleratzeak eginez gero. EH Bilduko legebiltzarkide Belen Arrondok esanetan, "enpresekiko harreman eredua aldatu behar dute instituzioek; oraingo ereduak ez du balio, enpresek diru publikoa jasotzen dutelako horren truke lurraldearekiko atxikimendu eta konpromiso zehatzik hartu behar izan gabe".