Ekonomia -
LAN GATAZKA
Aernnovak Berantevillan kaleratze kolektiboa iragarri du
Zuzendaritzaren planak 130-150 langileren kaleratzea ekar dezakeela uste du langileen batzordeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aernnova multinazionalak kaleratze kolektiboa gauzatzeko prozeduraren aurreabisua jakinarazi die Berantevillako plantako langileei. Horrek, 130-150 langileren kaleratzea ekar dezakeela uste du langileen batzordeak.
Zuzendaritzaren jarrera salatzeko, ohar bat kaleratu du langileen batzordeak. Bertan zehazten denez, atzo, urriak 28, jaso zuten kaleratzeen aurreabisua. Berantevillako enpresa "bideragarria" dela eta ez duela "arazo ekonomikorik, ez produkzio arazorik" esan dute beharginek.
"Lan erreformak enpresei langileen kontura euren irabaziak handitzeko eskaintzen dizkien pribilegioak begi-bistan geratzen dira kasu honekin", esan dute.
Enpresak orain arte emandako datuen arabera, 130-150 lanpostu suntsitzea ekarriko luke Aernnovaren proposamenak. Langileen batzordeak adierazi duenez, "xantaiaren aurrean" ez dute amore emango eta langile bakar bat kaleratzea ez dute ametituko.
"Badakigu prozesu gogor baten aurrean gaudela. Gure indarrak eta ausardiak eragin zuzena izango du etorkizunean", gaineratu dute. Horregatik, eskura dituzten erreminta guztiak martxan jarriko dituztela iragarri dute langileek.
Erakundeei deia
Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakundeei dei egin die batzordeak, Aernnovaren proposamenaren aurrean iritzia eman eta lanpostuak mantentzearen alde egin dezaten. Politikarien kezka nagusia enplegua dela entzuten "nazkatuta" daudela nabarmendu dute. "Orain dute hori hala dela erakusteko aukera", zehaztu dute.
Gaur langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Arabako Batzar Nagusien egoitzaren atarian, euren egoera salatzeko.