Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
Datorren urterako Estatuko Aurrekontuak, behin betiko onartuta
Oposizioak gogor kritikatu ditu Espainiako Gobernuaren Aurrekontuak, eta “hauteskundeei begira egindakoak”, “irrealak” eta “faltsuak” direla azpimarratu dute.
agentziak | erredakzioa
2016rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartuta geratu dira. Alderdi Popularrak Diputatuen Kongresuan duen gehiengo absolutua baliatu du bere egitasmoa aurrera ateratzeko.
Bozketa egiteko saioan Espainiako Gobernuko ministro ezberdinak izan dira, tartean presidenteordea, Ogasunekoa, Ekonomiakoa edo Industriakoa.
Cristobal Montoro Ogasuneko ministroaren esanetan, gaur onartu diren Aurrekontuak susperraldiarenak izango dira. Abenduaren 20 hauteskundeetan herritarrek Espainiak hazten eta enplegua sortzen jarraitu nahi duen edo ez erabakiko dutela erantsi du.
Azkeneko osoko bilkura honetan ere oposizioak gogor kritikatu du PPren Gobernuaren egitasmoa. Aurrekontuak “hauteskundeei begira egindakoak”, “irrealak” eta “faltsuak” direla salatu dute.
Gainera, gogora ekarri dute Europako Batzordeak 2015eko eta 2016ko defizit publikoa ez betetzeko arriskua dagoela ohartarazi zuela eta neurriak hartzeko eskatu ziola.