Ekonomia -
Argiaren prezioa
Argindarraren faktura berria, urrian indarrean
Sistema berriarekin, argindarra kontsumitzen den unean duen kotizazioaren arabera ordainduko dute bezeroek. Prezioa orduero aldatzen da, faktore anitzen ondorioz.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumitzaile Txikiarentzako Prezio Boluntarioari (PVPC, gaztelaniazko siglak) atxikitako bezero guztiek argindarraren faktura eredu berria jasoko dute iraileko kontsumoarekin, baina horretarako kontagailu adimendunak izan beharko dituzte. Horrela, garbigailua goizaldean edo asteburuan martxan jartzea eguerdian baino merkeagoa izango da aurrerantzean.
Sistema berriarekin, argindarra kontsumitzen den unean duen kotizazioaren arabera ordainduko dute erabiltzaileek. Prezioa orduero aldatzen da, faktore anitzen ondorioz. Adibidez, ikuzgailua larunbat goizaldeko lauretan jartzea astearte arratsaldean baino merkeagoa izango da.
Kontsumitzaile txikiaren borondatezko prezioari atxikitako 15 milioi bezero daude, baina guztiek ez dute iraileko kontsumoa orduero ordaintzeko aukera izango.
Kontagailu adimendunak
Faktura berria jaso ahal izateko, bezeroak kontagailu adimenduna izan behar du etxean.
Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordearen arabera, 2014ko amaieran etxean 15 kilowatt baino gutxiagoko indarra kontrataturik zuten bezeroen % 43k kontagailu adimenduna zuten, baina % 36k bakarrik zituzten faktura berriak jaso ahal izateko martxan.
Horrela, faktura berria jasoko dute urrian kontagailu adimendunak dituzten PVPCko bezeroek soilik. Gainerako kontsumitzaileen etxeetara pixkanaka-pixkanaka helduko da; izan ere, 2018 amaieran egitasmoak bukatuta egon beharko du.
Prezioak faktore ugariren arabera aldatzen dira, eskaria edo meteorologia (berriztagarrien ekoizpenean eragina duelako), esaterako. Normalean, argindarra merkeagoa da kontsumo txikia dagoenean (goizaldean eta jaiegunetan) edo haizea eta euria denean.
Aurrezki oso txikia
Edozelan ere, ordainagiriaren zatirik handiena kostu finkoak ezartzen jarraituko du. Ondorioz, ordu batzuetako kontsumoa aldatuz oso diru gutxi aurreztea lortuko dute bezeroek.
Horrela, eskariaren kudeaketa aktibo batekin hilean gehienez ere bost bat euro aurreztuko dituzte bezeroek, iturri batzuen arabera. Fakturaren % 5 eta % 10 artean, beste iturri batzuen arabera.