Ekonomia -
Renove plana
Jaurlaritzak 1.000 eurora arteko laguntza emango du leihoak aldatzeko
Gutxienez 1.500 etxebizitzari emango die laguntza, isolamendua hobetuta energia aurrezteko helburuarekin.
agentziak | erredakzioa
Gaur argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2015eko Leihoetako Renove Planaren diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriak. Kanpoko beirak aldatzea eta horien ordez isolamendu handiagokoak jartzea helburu duen plan horrek 1.000.000 euroko aurrekontua du.
EAEn ohiko okupazioa duten etxebizitzen energia eraginkortasuna hobetu nahi da planaren bitartez. Izan ere, kanpoko babes termiko handiagoari esker, berokuntzan energia kontsumoa murrizteko aukera izatea nahi du Jaurlaritzak.
EEE Energiaren Euskal Erakundea –Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia- bihar, irailak 8, hasiko da diru-laguntzak eskatzeko eskabideak jasotzen, eta horretara bideratu den dirua amaitu arte izango da horiek eskatzeko epea indarrean.
Aurreikuspenen arabera, ohiko okupazioa duten 1.500 etxebizitza baino gehiago baliatuko dira planaz.