Ekonomia -

Lan-istripua

Langile bat hil da Gasteizen, 5 metroko altueratik erorita

AFF S.A. lantegian izan da ezbeharra eta 34 urteko langilea makina batetik erori da. Erakundeek “segurtasun gabeziak” konpontzeko “neurririk hartzen ez” dituztela salatu du ELAk.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

34 urteko langile bat hil da gaur eguerdian Gasteizko AFF S.A. enpresan izan den lan-istripuan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak adierazi duenez, langilea makina batetik erori da, bost metroko altueratik.

Eguerdiko ordu biak aldera izan da ezbeharra AFF S.A. enpresak Gasteizen duen lantegia. Ali-Gobeo industrialdeko Urartea kalean kokatuta dago lantegia. Istripua zerk eragin duen ikertzen ari dira.

AFF-McQuay Amerikako Estatu Batuetako multinazionalaren zati da Gasteizko lantegia eta kutsatutako airea iragazteko gailuak eta sistemak egiten dituzte.

Segurtasun gabeziaren aurkako neurririk hartzen ez dela salatu du ELAk

Hildako beharginaren senitartekoei eta lagunei elkartasuna adierazi die ELA sindikatuak. Erakundeek “segurtasun gabeziak” konpontzeko “neurririk hartzen ez” dituztela salatu du sindikatu abertzaleak.

“Kezka eta haserrea”, azaldu ditu ELAk agiri batean. Sindikatu abertzalearen hitzetan, 26 langile hil dira dagoeneko 2015ean.

Zentzu horretan, istripuetan lan segurtasuneko gabeziak “etengabeak” direla ziurtatu du ELAk. Horregatik, erakundeek “enpresek segurtasun eta osasun baldintzak errespetatzea kontrolatzeko neurri eraginkorrak” hartzen ez dituztela kritikatu du sindikatuak.

Azkenik, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera datorren astelehenerako deitutako elkarretaratzean parte hartzea eskatu du ELAk. Protesta 11:00etan hasiko da, Gasteizko Correos plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gasteiz