Ekonomia -

Abanto Zierbena

Emica Bombaseko langileak greban, hitzarmen bat lortu nahirik

Euren lan-baldintzak arautzeko hitzarmen kolektiboa adosteko asmoarekin, enpresako 27 langileek mugagabeko greba abiatu dute asteazken honetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abanto Zierbenako Campillo industrialdean kokatutako Emica Bombaseko 27 langileek mugagabeko greba abiatu dute, asteazken honetako 00:00etan. Langileen asmoa da euren lan-baldintzak arautzeko hitzarmen kolektiboa adostea.

ELAk jakinarazi duenez, Emica Bombasek Bizkaiko Siderometalurgiaren Hitzarmen Sektoriala zuen indarrean; itun hori 2008tik 2011ra egon zen indarrean eta, gainera, eragin "mugatua" du, ELAren esanetan. Gainera, lan-erreformek eta ultraaktibitatearen gaineko epaiek "arriskuan jarri dituzte enpresako langileen lan-baldintzak".

"Negoziazioan aurreratzea, ezinezkoa"

Hori dela eta, ELAk adierazi duenez, langileek euren hitzarmen-proposamena luzatu diote enpresari. Sindikatuak esan du enpresak "beti ukatu duela" aukera hori, eta, hortaz, ezinezkoa izan dela "negoziazioan aurreratzea, edo eduki errebindikatiborik planteatzea". Azkenean, langileek mugagabeko grebari ekin diote.

Emica Bombasen gehiengoa du ELAk; sindikatuak azaldu duenez, langileen lan-baldintzei eustea "ezinbestekoa" da. Bizkaian, ELAren arabera, metaleko sektoreak "enpresaburuen irizpideak pairatzen ditu; horrek esan nahi du eskubideek eta lan-baldintzek murrizketak izaten dituztela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak albisteak Ekonomia 2024