Ekonomia -
Barakaldo
3.900 lagun 275 lanposturako Hezkuntza EPEan, BECen
2014-2015eko Enplegu Eskaintza Publikoaren lehen eguna da eta hautagaiek bi azterketa egin behar dituzte, bost ordukoak. Aurkeztu diren % 74 emakumezkoak dira.
eitb.eus
Bilbao Exhibition Centreko (BEC), Barakaldon, Euskadiko Maisu-Maistren Kidegoan sartzeko 2014-2015 Enplegu Publikorako Eskaintzari dagokion lehen proba burutzen ari dira gaur, larunbata (Haur eta Lehen Hezkuntzarako).
Oposizioaren lehen proba honetara deitutako 3.874 hautagaiak goizeko 8:30etan hasi dira lehen ariketarekin eta bi ordu emango dituzte lehen atal horretan.
Ondoren, proba praktikoa osatu beharko dute. Hautagaiei dagozkien espezialitateko ikasgai-zerrendarekin eta curriculumarekin zerikusia duen kasu praktiko bat aurkeztuko zaie; eta planteatzen zaizkien galderei idatziz erantzun beharko diete. Proba hau egiteko hiru ordu izango dituzte.
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez, Kalitatezko enplegu publikoa sustatu eta euskal hezkuntza-sistemako irakasleei egonkortasun handiagoa emateko helburuz Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Maisu-Maistren Kidegoan 275 plaza eskaini ditu, sei espezialetatetan banatuta.
Espezialitateak ondorengo hauek dira: Haur Hezkuntza: 110 plaza; Lehen Hezkuntza: 60 plaza; Ingelesa: 50 plaza; Hezkuntza Berezia-Pedagogia Terapeutikoa: 25 plaza; Musika: 15 plaza eta Gorputz Hezkuntza: 15 plaza.
2014-2015 Enplegu Publikorako Eskaintza honen lehen probara 3.874 hautagai aurkezten dira ekainaren 20an: emakumeak (% 74) gizonezkoak (% 26) baino askoz gehiago, batez ere 25 eta 35 urte tartekoak.