Ekonomia -
Bergara
Candy salbatzeko bi egitasmo berri aurkeztu dituzte
Bi proiektuen dokumentazioa eta bideragarritasun plana aztertuko ditu enpresa-batzordeak, eta 15 egun barru berriz bilduko dira “zalantzak argitzeko eta erabaki bat hartzeko”.
Agentziak | Erredakzioa
Bergarako lantegia berriz industrializatzeko bi proiektu berri jaso ditu Candyko enpresa-batzordeak. Gipuzkoako Aldundiak bi ekimenak azaldu dizkio. Aldundiaren arabera, egitasmoak “elkarrekiko guztiz independenteak” dira.
Proiektu baten bultzatzaileak frantziarrak direla azaldu du enpresa-batzordeak agiri batean. Birziklatutako tetrapack materialarekin hiri-altzariak ekoizten dituzte.
Urtebetean 40 bat langile hartu eta Candyren egungo instalazioak erabiliko lituzke enpresak.
Bigarren egitasmoa
Bigarren proiektua bertako ekintzaileek bultzatu nahi dute. Autoetako piezak ekoizten dituzte.
Enpresa-batzordearen hitzetan, egitasmoa “aurreraturik dago, baina instalazio handiagoak behar ditu, ondorioz, egungo Candyren lantegia ez lukete erabiliko”.
Horregatik, prozesuak “urtebete edo urte eta erdi” beharko duela uste dute. 20-25 langile hartuko lituzke.
Bi proiektuen dokumentazioa eta bideragarritasun plana aztertuko ditu enpresa-batzordeak, eta 15 egun barru berriz bilduko dira “zalantzak argitzeko eta erabaki bat hartzeko”.