Ekonomia -
Enplegu Ministerioa
6.021 langabe gutxiago zenbatu dira apirilean Hego Euskal Herrian
Lurraldeka, Bizkaian izan da kopuruz jaitsiera handiena (2.319 lagun gutxiago), baina portzentajeari erreparatuta, Nafarroan jausi da gehien (% -4,25).
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Apirilean 6.021 langabe gutxiago zenbatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, gaur Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak jakitera eman duenez.
Guztira 213.811 lagun gutxiago daude lan barik Hego Euskal Herrian.
Lurraldeka, Bizkaian jazo da jaitsierarik nabarmenena (2.319 langabe gutxiago % -2,4), baina portzentajeari erreparatuta, Nafarroan jausi da gehien (% -4,25, baina 2.057 lagun gutxiago langabezian). Gipuzkoan beherakada % - 2,25koa izan da (1.056 langabe gutxiago) eta, Araban, % - 2,11koa (589).
2014ko apirilarekin alderatuta (urte arteko tasa), 15.007 pertsonak eskuratu dute lana Hego Euskal Herrian.Espainiako Estatuan ere behera egin du langabezia-tasak, eta 118.923 pertsonatan murriztu da. Guztira, 4.333.016 pertsona daude lanik gabe Estatuan. Apirilean inoiz izan den jaitsiera handiena izan da aurtengoa.
Gizarte Segurantzan afiliatuen kopuruak gora
Gizarte Segurantzan afiliatuen kopurua, berriz, igo egin da apirilean. EAEn, aurreko hilabetean baino 1.781 pertsona gehiagok eman zuten izena (% 0,20ko igoera). Orotara, 887.495 landun daude.
Nafarroan ere gora egin du afiliazioak (% 1,02) eta, martxoarekin alderatuta, 2.564 lagun gehiagok eman zuten izena apirilean. Guztira, 254.058 lagun daude Gizarte Segurantzan afiliatuta.
Erreakzioak
Imelda Lorea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariak nabarmendu duenez, "azken 10 urteetako langabezia beherakada handiena" izan da apirilekoa eta, horrenbestez, langabe kopurua beherantz doan "joerari eutsi" zaio.
Lorearen hitzetan, apirilean ia beti egiten du behera langabeziak. "Kasu honetan, garrantzitsuena joera finkatu egin dela da: urte arteko tasek 19 hilabete daramatzate behera egiten, iaz baino 4.375 langabe gutxiago ditugu foru erkidegoan", adierazi du.