Ekonomia -

48 orduko greba orokorra

Sindikatuak eta Osakidetza ez daude ados, eta greba egongo da asteon

Sindikatuek salatu dute Osakidetzak ez duela jarrera aldatu gai garrantzitsuenetan, Lan Eskaintza Publikoko lanpostu kopuruan, adibidez.

Osakidetzako sindikatuen manifestazio bat. EiTB
Osakidetzako sindikatuen manifestazio bat. EiTB
Sindikatuak eta Osakidetza ez daude ados, eta greba egongo da

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako sindikatuak eta Zuzendaritza Nagusia ez dira ados jarri gaur Gasteizen egin duten mahai sektorialaren mahaian, eta osteguneko eta ostiraleko greba orokorrari eutsiko diete langileen ordezkariek.

CCOO, UGT, ELA, LAB, ESK, SATSE, SME eta FFHE sindikatuek abiatutako mobilizazio kanpainaren baitan kokatzen dira lanuzteak, aurreko urteko bigarren seihilekoan hasitako kanpainaren baitan, alegia.

Gaurko bileraren ostean, Encarna de la Maza SATSE erizainen sindikatuko bozeramaileak esan du ez dutela aurrerapausorik eman eta, ondorioz, bi eguneko lanuzteari eutsiko diotela.

De la Mazak azaldu duenez, Osakidetzako Zuzendaritzak ez du jarrera aldatu gai garrantzitsuenetan, Lan Eskaintza Publikoko lanpostu kopuruan, adibidez.

"Betikoa gertatu da eta, ondorioz, berdin jarraituko dugu. Asmoak agertzen dizkigute, baina neurririk ez dute hartzen. Ez dago benetako borondaterik gai horiek seriotasunez jorratzeko", kritikatu du.

Bestalde, Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak sindikatuekin "harremanetan jarraitzeko borondatea" dutela azpimarratu du, baina horregatik ez omen dute prozesua geldituko.

Horren harira, Lan Eskaintza Publikoa eta mugikortasun prozesuak ezin direla gelditu berretsi du.

Osakidetzak 2014-2015 Lan Eskaintza Publikoko oinarriak negoziatzea, garapen profesionala berriro martxan jartzea, ordezkapen gehiago egitea eta barne mugikortasuna eta behin behineko kontratazioak negoziatzea eskaini die sindikatuei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza