Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Lan-erregulazioa baztertzeko eskatu dute Eusko Irratiko sindikatuek

Txostena atzera botatzeko eskatu dute ELAk, LABek, ESKk eta CCOOk. Hala ere, lan eskaintza publikoa defendatu du LABek, eta baita lanposturako hautagaiei eskatutako euskara ezagutza maila ere.

Eusko Irratiko Enplegu Erregulazioa erretiratzeko eskatu dute sindikatuek

1:11

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Irratian aurkeztutako lan-erregulazio txostena luze eztabaidatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Sindikatuek eta langileen ordezkariek agerraldia egin dute EiTBko Kontrol Batzordean. Guztiek, salbuespenik gabe, lan-erregulazio txostena atzera botatzeko eskatu dute.

Guztira, sei orduko eztabaida izan dute Gasteizko Ganberan, mahai gainean gai bakarra zegoela: Eusko Irratian aurkeztutako lan-erregulazio txostena.

ELAk txostena “berehala” baztertzeko eskatu du. LABek babesa eman dio eskakizunari, baina Eusko Irratian egindako lan eskaintza publikoa defendatu du, eta baita lanposturako hautagaiei eskatutako euskara ezagutza maila ere.

Bestalde, lan eskaintza publikoa eta lan-erregulazio  txostena guztiz errefusatu dituzte CCOOk eta ESKk. Irratiko langileek ere euren ikuspuntua eman dute, eta egoerari irtenbide bat ematea eskatu dute.

"Berehala baztertzea"

Txostena “berehala atzera botatzeko” eskatu du ELAk, “30 langile kaleratzeko arrazoirik ez dagoelako”.

Eusko Irratian eta EiTBn gehiengoa duen sindikatuak agiri batean azaldu duenez, txostenak “30 lanpostu amortizatzen ditu, langileen % 10 baino gehiago, eta gaur Eusko Irratian lanean ari diren 60 profesional baino gehiago kaleratzea ekarriko du”.

Txostena Administrazio-kontseiluak 2014ko apirilean hartutako erabakiaren “ondorioa” dela berriro esan du ELAk EiTBko Kontrol Batzordean. Akordioa EAJ, EH Bildu, LAB, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiako kideek onartu zuten.

Txostena negoziatzeko bilerei dagokionez, “kaleratzeak gauzatzeko enpresaren arrazoiak justifikaturik ez daudela eta oinarririk ez dutela” adierazi dio sindikatu abertzaleak Kontrol Batzordeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea