Ekonomia -

Automobilgintza

Gestampek Boroan kokatuko du nazioarteko bere prestakuntza zentroa

Bost urtetan lau milioi euro emango dizkio Jaurlaritzak autoentzako elementuak egiten dituen enpresari. Boroako zentroaz gain, bi produkzio-lerro berri jarriko ditu martxan Gestampek.

Urkullu Riberasekin batera hitzarmenaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Urkullu Riberasekin batera hitzarmenaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Jaurlaritzak eta Gestampek akordioa sinatu dute

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Automobilgintzan goi-mailako teknologietan formakuntza emateko zentroa paratuko du Gestamp multinazionalak Boroako industrialdean (Automotive Intelligence Center delakoan, Zornotzan -Bizkaia-). Gestamp Tecnology Institute (GTI) delakoa irailaren 1ean zabalduko dute. Zentroa zabaltzeko hitzarmena sinatu berri dute automobilgintza sektorean liderra den enpresak eta Eusko Jaurlaritzak.

Arlo honetan aritzen diren langile zein ikasleen goi-mailako ikasketa espezializatuak eskainiz, "mundu mailako erreferente" izateko jaio da Gestamp Tecnology Institute, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jose Riberas Gestampeko kontseilari delegatuak aurkezpenean nabarmendu dutenez. Boroako prestakuntza zentroa irekitzeaz gain, Euskadin egingo dituzte beste inbertsio batzuk iragartzeko baliatu du agerraldia munduko 20 herrialdetan lantegiak dituen konpainiak.

Mundu guztian dituen 32.000 langileetatik batzuk punta-puntako teknologian trebatuko nahi ditu automobilgintza enpresak eta nazioarteko ikasleak ere erakarri nahi ditu. Jaurlaritzak formazioan lagundu eta emandako tituluak ziurtatuko ditu.

Jaurlaritzak lau milioi euro (urtero, 846.000 euro) bideratuko ditu egitasmo honetara bost urtetan. Besteak beste, langabeak kontratatu ahal izateko, langileen prestakuntzarako, erbestean ikasten jarraitu ahal izateko eta Gestampen teknologiak garatzeko.

Riberas eta Urkullu pozik agertu dira akordioarekin. Lehendakariaren hitzetan, akordioa susperraldi ekonomikoaren "ikurra" da, eta EAEk enpresei eskaintzen dizkien aukera "bikainen" adibide.

"Gestamp hementxe geratuko da, gure enpresekin lankidetzan aritzeko. Herri honek hazteko duen aukeretako bat da hau", agertu du Urkulluk, euskal gazteriarentzat oso garrantzitsua dela azpimarratuta.

Inbertsio gehiago

Sinaduraren ostean, Euskadin lanpostuak sortzeko asmoa duela iragarri du Gestampeko kontseilariak. Hala, Abadiñon beroko estanpazio lerro berria garatuko dute eta laser-mozketaren beste lantegi bat zabalduko dute, non izango den argitu ez badu ere.

Volkswagen eta Opel auto-etxeen eskaera berriak jaso ditu Gestampek eta lanok egiteko inbertsioak egingo dituzte Bizkaian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amorebieta-Etxano albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Multinazionalak berriak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Eguneko albisteak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan