Ekonomia -
Bi urte eta erdiko gatazka
Laminaciones Arreguiko langileen itzulera 21era atzeratu dute
Gasteizko Celsa Atlantic enpresako langileak lanpostuetara gaur itzultzekoak ziren, epaitegiek lan erregulazio txostena baliogabe utzi eta gero.
Erredakzioa
Gasteizko Celsa Atlantic (garai bateko Laminaciones Arregui) lantegiko zuzendaritzak hilaren 21era atzeratu du kaleratutako langile batzuen itzulera. Celsa Atlanticeko langileak lanera gaur itzultzekoak ziren, bi urte eta erdiko iraupena izan duen gatazkari amaiera eman eta gero. Konpainiako zuzendaritzak aurkeztutako lan erregulazio txostena baliogabe utzi dute epaitegiek.
Laurogeita hamar langile inguru beren lanpostuetara itzultzekoak ziren gaur hasi eta hilaren amaierara bitartean.
Nando Anguiano enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, urtarrilaren 7an itzuli behar zutela jakinarazi zien enpresak burofax baten bitartez. Hala ere, gaur lanera itzultzekoak ziren 20 pertsonak lantegira joan direnean jakin dute ez direla hilaren 21era arte hasiko. Enpresako zuzendaritzak 2015eko lan-egutegia eman die gaur eta bertan "urteko zubi guztiak ezabatu eta urtarrilean pilatu dituzte, beraz, itzulera eguna 21era arte atzeratu da".
Langileen esanetan, enpresaren erabakia "epaiaren kontrako errebeldia ekintza bat da". Enpresak langileen oinarrizko eskubideak urratu zituela eta kaleratutako langileak berriz hartzera behartu du enpresa kasuko epaileak.
Anguiano enpresa batzordeko presidenteak zuzendaritzarekin hitz egiteko asmoa agertu du eta modu onez epaia betetzeko eta langileak aurreikusitako datan berriz hartzeko eskatuko dio enpresari. Zuzendaritzak langile batzordearen eskariei men egiten ez badiei, zein neurri har daitezkeen aztertuko dute langileek zerbitzu juridikoarekin.
358 langile kaleratzeko lan erregulazio txostena aurkeztu zuen konpainiako zuzendaritzak, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Auzitegi Gorenak eta Gasteizko zenbait epaitegik baliogabe utzi dute.
Laminaciones Arregiko langileek agiri batean gogorarazi dutenez, txostenak langileen ?oinarrizko eskubideak? urratzen zituen, eta horregatik baliogabe utzi dute auzitegiek.