Ekonomia -
Hitzarmena
Erretiro plan bat eta bost hilabeteko txostena, Candyko akordioan
Bergarako (Gipuzkoa) lantegiko langileek oniritzia eman diote aurreakordioari goizaldeko 1:00etan. Bozketan, 122 pertsonak egin dute alde; zazpik, aurka, eta bik boto zuria eman dute.
Erredakzioa
Candy Hoover konpainiako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak aurreakordioa adostu dute bart, bost hilabeteko enplegu-erregulazio txosten bat eta erretiro plan bat onartzeko, betiere birrindustrializazio prozesua sustatzeko helburuz.
Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, Bergarako (Gipuzkoa) lantegiko langileek oniritzia eman diote aurreakordioari goizaldeko 1:00etan. Bozketan, 122 pertsonak egin dute alde; zazpik, aurka, eta bik boto zuria eman dute.
Aurreakordioa behin betiko egin ahal izateko, Candyk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste akordio bat lortu beharko dute, konpainiaren instalazioak eta lursailak transferitzeko.
Txus Markez Enpresa Batzordeko LABeko ordezkariak azaldu duenez, sinatu berri duten akordioaren bitartez, 54 urtetik gorako 63 langileen erretiroa lortuko da. Beste 89 langile bost hilabeteko enplegu-erregulazio txosten batean sartuko dira, denbora epe horretan Bergarako lantokiarentzat “inbertitzaile berri bat bilatzeko”.
Markezen iritziz, ez da “arazorik” izango Diputazioaren eta enpresaren artean akordioa lortzeko, beti ere “birrindustrializazio prozesua baldin badago”. “Hala ere, akordioa lortzen ez bada, arbitrajea egiteko prest agertu da enpresa”.