Ekonomia -
Finantza-krisia
Dibisak saltzeari ekin dio Errusiak, errubloa amildu ez dadin
Finantza Ministerioak atzerriko dibisen soberakinak saltzeari ekin dio. Iragarpenak mesede egin dio errubloaren kotizazioari, eta apur bat gora egin du.
Erredakzioa
"Egin beharreko guztia egingo dugu", adierazi Aleksei Moisiev Finantza ministrordeak; atakan dago eta Errusia. Putinen gobernua eginahalak egiten ari da bere dirua amiltzea saihesteko eta Moskuko merkatuei ez ezik gainerako merkatuei ere kalte egingo dien finantza-krisia arintzeko.
Hala, atzerriko dibisen soberakinak merkatuan saltzeari ekin dio Finantza Ministerioak. Atzokoa "astearte beltza" izan zen, eta dolarrarekin eta euroarekin alderatuta % 24 eta % 28 galdu zuen errubloak.
Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez, "Errusiako Federazioaren Finantza Ministerioak uste du errubloa zeharo gutxietsita dagoela, eta dibisen soberakinak saltzen hasiko da".
Bestalde, Errusiako Bankuak iragarri du 1.961 milioi dolarreko balioa duen esku-hartzea egin zuela astelehenean dibisen merkatuan. Hortaz, 2014 honetan 80.000 milioi dolar sartu ditu merkatuetan errubloaren balioari eusteko.
Iragarpenak Moskuko Burtsa suspertu du
Neurria iragarri berritan, errubloak goranzko joerari ekin dio Moskuko Burtsan. Hala, RTS erreferentziazko indizea % 9 igo da, 687,9 punturaino. % 34,35 jaitsi da abenduan indize horren balioa, eta, beraz, esanguratsua da gaurko igoera.