Ekonomia -
Iraupen luzeko langabeak
Rajoyk eta eragileek langabeentzako diru-laguntza berria sinatu dute
Horrela, 426 euroko laguntza jaso ahal izango dute, beste sei hilabetez. Neurriak 1.000-1.200 milioiko kostua izango du, eta 400.000-450.000 lagunek jasoko dute.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Ignacio Fernandez Toxo (CCOO), Candido Mendez (UGT), Juan Rosell (CEOE) eta Antonio Garamendi (Cepyme) elkarrekin izan dira gaur goizean, iraupen luzeko langabeentzako diru-laguntza berria sinatzen.
Ekitaldia Moncloa Jauregian izan da, horien arteko bilera izan eta hamaika egunera, eta, oraingoan, Fatima Bañez Enplegu ministroa ere izan da horiekin.
Horrela, 426 euroko laguntza onartu dute, iraupen luzeko langabeek (langabezian urtebete baino gehiago daramatenek) sei hilabetez jaso dezaten, betiere gainerako diru-laguntzak agortu baldin badituzte, bestelako diru-sarrerarik ez badute eta senideren bat euren kargu badute.
Neurri berri horrek 1.000-1.200 milioi euroko kostua izango du, langabeen % 7-8 gehiagori eragingo die (% 65era arte, 2015. urtearen erdialdera) eta 400.000-450.000 lagunek jasoko dute.
Laneko prestakuntza eta orientabideari buruzko ikastaroak jasotzean ere, baldintzak betetzen dituzten langabeek diru-laguntza berria jasoko dute, helburu nagusia lan-merkatura bueltatzea bada ere. Hori dela eta, neurri horrek aipatutako kolektiboak berriz lanean jartzeko asmoa du.
Lana topatuta ere, diru-laguntza jasoko dute
Diru-laguntza berri hau bateragarria izango da langabeak lor dezakeen lanpostuko soldatarekin. Diru-laguntzaren bidez eta soldataren bidez jasotakoa erkatu eta orekatuko da, eta, horrela, enpresak eta erakunde publikoek, biek, ordainduko dituzte laneko kostuak.
Diru-laguntza jasotzeko honako baldintzak bete beharko dituzte: iraupen luzeko langabea izatea, aurretik enpresaren batentzat lan egin izatea, 2014ko abenduaren 1ean enplegu bulegoetan izena emanda izatea, azken sei hilabeteetan inolako diru-laguntzarik jaso ez izana eta bestelako diru-sarrerarik ez izatea.