Ekonomia -
Balantzea
EAEko esportazioak % 11,2 hazi dira uztaila eta iraila artean
Horrela, hirugarren hiruhilekoan 879 milioi euroko superabita izan da; 1.940 milioikoa, energia inportazioak aintzat hartzen ez badira.
Erredakzioa
EAEko esportazioek % 11,2 egin dute gora aurtengo hirugarren hiruhilekoan, iazko epe berdineko datuekin alderatuta, eta Araban izan da igoera nabarmena, % 22,9 hazi baitira lurralde horretan.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak zabaldutako datuen arabera, uztaila eta iraila artean 5.429 milioi euroko esportazioak egin dira, iaz izandako 4.882 milioi euroko esportazioen aldean.
Era berean, inportazioek are igoera handiagoa izan dute, % 20,1ekoa hain zuzen, 4.551 milioi eurora helduta, baina inportatutako energia baztertuz gero, igoera ez da hain handia; % 17koa (2.707 milioikoa) izango litzateke.
Horrenbestez, 879 milioiko superabita izan da; 1.940 milioikoa, energia inportazioak aintzat hartzen ez badira.
Lurraldeka, Araban egin du gora gehien, bertan 1,4 milioiko esportazioak egin baitira, 2013ko hirugarren hiruhilekoan baino % 22,9 gehiago, atzerrian garraioetarako saldutako materialari esker gehienbat (% 94,9). Arabako inportazioek bere horretan mantendu dira, ia aldaketarik izan gabe (% 0,4).
Bizkaian, esportazioak % 9,9 hazi dira, 2,3 milioira helduta, produktu mineralen (% 25,7) eta garraioetarako materialen (% 33,9) igoeren eraginez. Halaber, Bizkaian hazi dira gehien inportazioak (% 28,8), produktu mineralen, metalen eta kimikoen eraginez bereziki.
Hazkunderik txikiena (1,5 milioi eurokoa) Gipuzkoan izan da, eta urtez urterako tasan % 3,8 hazi da. Inportazioek % 5,1eko igoera izan dute bertan.
Nabarmentzekoak dira Herbehereetara (% 76,3), Alemaniara (% 21,6), Portugalera (% 10,6) eta Italiara (% 10,4) egindako esportazioak.
EBtik kanpo egindako esportazioek ere gorakada handia izan dute: Norvegiara (% 255,7), Txinara (% 38,8), Mexikora (% 7,7) eta AEBra (% 4,8) egindakoek, esaterako.