Ekonomia -

BBVA

Kaleratze kalte-ordaina langileek eurek ordaintzea proposatu du BBVAk

Proposamen horren arabera, langileei soldataren zati bat kenduko liekete hilero, banakako funts bat sortzeko, eta, langilea kaleratzean, bere funtsarekin ordainduko liokete kalte-ordainaren zati bat.

Rafael Domenech BBVAko ekonomialari nagusia. EFE
Rafael Domenech BBVAko ekonomialari nagusia. EFE
Rafael Domenech BBVAko ekonomialari nagusia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBVA Research erakundeak kontratu berrietako kaleratze kalte-ordainaren parte bat langilearen beraren soldatarekin ordaintzea proposatu du, Rafael Domenech erakunde horretako ekonomialari nagusiak azaldu duenez.

Proposamen horren arabera, langileei soldataren zati bat kenduko liekete hilero, banakako funts bat sortzeko, eta, langilea kaleratzean, bere funtsarekin ordainduko liokete kalte-ordainaren zati bat, hau da, pentsioekin egiten den bezala. Kalte-ordainaren beste zatia langilearen antzinatasunaren araberakoa izango litzateke.

Hain zuzen ere, urteko soldataren % 2,19 kenduko liekete langileei, banakako funts hori sortzeko.

Sistema hau halabeharrezkoa izango litzateke kontratu berrietan, eta aukerazkoa dagoeneko indarrean daudenetan, betiere BBVAren proposamenaren arabera.

Funts hori Gizarte Segurantzak kudeatu beharko lukeela uste du Domenechek, eta langilea kaleratzen ez badute, erretiroa hartzerakoan berreskuratuko luke diru guztia.

Antzinatasunaren araberakoa izango litzatekeen partearen funtzionamendua honelakoa izango litzateke, kaleratzea bidezkoa izango balitz: 0 eguneko kalte-ordaina langilearen antzinatasuna urtebetekoa edo txikiagoa bada, 4 egunekoa lan egindako urte bakoitzekoa antzinatasuna bi urtekoa bada, 8 egunekoa 3 urtekoa bada eta 12 egunekoa 4 urtekoa edo handiagoa bada.

Dena dela, langileak bere funtsa berreskuratuko balu, kalte-ordaina 8 egunekoa izango litzateke lehen urtean kaleratuko balute, 12 egunekoa bigarrenean egingo balute, 16koa hirugarrenean, eta 20koa laugarrenean eta handik aurrera.

Kaleratzea bidegabea izango balitz, kalte-ordaina 4 egunekoa izango litzateke lehen urtean, eta, handik aurrera, 3 egun handiagoa urte bakoitzeko. Hori bai, 25 egun izango litzateke muga, hau da, 8 urteko antzinatasuna izan beharko luke langileak gaur egun indarrean dagoen 33 eguneko kalte-ordaina jaso ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA berriak Lana