Ekonomia -
Greba-eguna
Bizkaibuseko lan-gatazkaren amaiera, 'oso gertu'
Sindikatuek baieztatu dutenez, atzoko bileran aldeek jarrerak hurbildu zituzten, baina langileen eskaerak, tartean enpleguak mantentzea, ez dute “bermerik jaso”.
Erredakzioa
Bizkaibuseko lan-gatazkan ez zuten akordiorik lortu atzoko bileran, eta, hortaz, gaur ere langileak 24 orduko greba-eguna egiten ari dira.
Sindikatuek baieztatu dutenez, atzoko bileran aldeek jarrerak hurbildu zituzten, baina langileen eskaerak, tartean enpleguak mantentzea, ez dute “bermerik jaso”. Horregatik, manifestazioa egin dute ostegun honetan, EiTBko egoitzatik abiatuta.
Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, akordioa “oso gertu” dago. Gaur, beste bilera bat egiten ari dira, akordioa bilatzeko.
Gatazka konpontzea Aldundiari dagokiola uste dute sindikatuek. Iñaki San Andres ELAko bozeramailearen arabera, auziak ez du konponbiderik izango Aldundiak lanpostuak ez amortizatzeko "benetako" konpromisoa agertzen ez badu.
San Andresen hitzetan, "dena Aldundiaren esku dago". Hala, honakoa eskatu dute sindikatuek: "Bete dezala iaz hitzartu genuena eta ez ditzala lanpostuak amortizatu, hori egiten saiatu baita mobilizazio hau hasi zenetik".
Garraio-enpresen jarrera ere hizpide hartu du ELAko ordezkariak: "Bizkaibus kudeatzen ari diren enpresek iazko akordioa sinatzeko prest daudela esan digute, baina ikusteko dago, eurek bete behar dutelako sinatutakoa".
24 orduko bi lanuzte daude deituta, ostegunerako eta ostiralerako, eta greba mugagabea, astelehenetik aurrera.