Ekonomia -

Perfila

Emilio Botin, bankari ukiezina

Banku txiki bat mundu mailako finantza-erakunde bihurtu zuen gizona. Krisiari  aurre egiteko gaitasun bera erakutsi zuen justizia parez pare izan zuenean ere.

Emilio Botin 28 urtez izan zen Santander bankuko presidente. Argazkia: EFE
Emilio Botin 28 urtez izan zen Santander bankuko presidente. Argazkia: EFE
Emilio Botin, benetako boterearen bilatzailea

1:43

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Botin bankaria gaur hil da, 79 urte zituela, finantza munduan ibilbide oparoa atzean utzita. Txikitik erraldoira eraman zuen Santander bankua; 80ko hamarkadan 100 milioi euro inguru kudeatzen zituen finantza-erakundea izatetik, euro-gunean bankurik handiena eta munduko hamargarrena izatera igaro zen.  Handitasun horren adierazle, iazko datua: krisiak ekonomia bete betean harrapatuta zuen urtean, Santanderrek 4.370 milioi euroko irabaziak izan zituen.

Aitonak eta aitak utzitako lekukotzari, haiek ere Santanderreko presidente izandakoak,  zorrotz heldu zion Botinek. Buruzagitza hartu zuenetik, hogei herrialde baino gehiagotan zabaldu zituen bulegoak. Europako politikan eta ekonomian eragin handiko gizon izatera iritsi zen.

Erretiroa hartzeko adina duela 12 urte igaro arren, Santanderren gidaritzari eutsi nahi izan zion. Presidente karguan egon zen 28 urtetan 73 aldiz handiago bihurtu zuen bere enpresa.

Nazioartean zabaltze politika 'gogorrak eta erasokorrak' ezartzea izan zen bere arrakastaren gakoetako bat. Besteak beste, Banesto, Central Hispano, Sovereign estatubatuarra, Banespa brasildarra edota  Abbey, Alliance & Leicester eta Bradford & Bingley banku britainiarrak erosi zituen. Egun, Santander taldearen balioa 70.000 milioi eurokoa omen da.

Bere ibilbideko beste lorpen handietako bat historiako krisi ekonomiko gogorrenari diru publikoaren iturritik edan gabe aurre egin izana da.  Krisiak krisi, Santanderren kontrolari eustea ere lortu zuen, Botin familia taldearen akzioen % 2ren jabe baino ez den arren. Gauzak horrela, bere alabetako bat, Ana Patricia Botin, da Santanderren presidente berria izateko hautagai nagusienetakoa.

Forbes aldizkariak argitaratu zuenez, 1.100 miloi dolarreko (846 milioi euro) ondasuna zuen Botinek 2011an.

Espainiako gobernuekin, beti, gertuko harremana izan du,  sozialistekin nahiz popularrekin. Atzerriko hedabideek sarri kritikatu izan dute Botinek Espainiako komunikabideen aldetik jaso izan zuen  mesede tratua. Financial Times-ek, esaterako, Espainiako finantzen erregetzat jo zuen bere artikuluetako batean. Heroi nazional bat zela gaineratu zuten, inoiz kritika txarrik jasotzen ez zuena. Zenbait adituren  arabera, Santanderren publizitatea diru-iturri garrantzitsua da hedabide askorentzat, eta horregatik, ukiezinak dira Botindarrak.  New York Times egunkariak ere, bat baino gehiagotan aipatu izan du Santanderko presidentearen ukiezintasuna.

Eskandaluak eta ustezko ustelkeria kasuak

Krisiari aurre egiteko abilezia berbera erakutsi zuen Botinek justizia parez pare izan zuenean ere. Suitzan dirua ezkutatzea egotzita auzipetu zituzten Botindarrak, baina 2012ko maiatzean, auzia artxibatzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, Ogasunaren aurrean egoera erregularizatuta zutela iritzita. Garai hartan, hainbat hedabidek zabaldu zutenez, 2.000 milioi euro baino gehiago ezkutatu zizkion Botin familiak Espainiako Ogasunari.

Urte berean,  Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko magistratu ohiak New Yorkeko Unibertsitatean emandako bi ikastaro diruz laguntzea leporatu zioten, baina ikerketa hura saihestea lortu zuen Botinek.  Manuel Marchena Auzitegi Goreneko instrukzio epaileak diru-laguntza horien atzean ‘hartzaileari eskerrak emateko saiakera’ ikusi zuen arren, kasua artxibatzea erabaki zuen, ustezko delitua preskribatuta zegoelako.

Jose Maria Amusategi Santanderreko presidente ondokoa izandakoari eta Angel Corcostegui Santanderko kontseilari izandakoari emandako erretiro sarietan egon ziren ustezko irregulartasunak zirela eta, Botin ikertu zuten Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak, 2005 eta 2006 urteetan, baina, orduan ere, absolbitu egin zuten.

Urte berean, delitu fiskala egotzi zioten, Santanderrek egindako mailegu lagapenak zirela eta ( Ogasunari egin beharreko ordainketak ekiditeko finantza-produktuak). Auzitegi Nazionalak artxibatu egin zuen auzi hura.

Espainiako justizian ‘Botin doktrina’ delakoa  jarri zen abian,  mailegu lagapenen kasuaren ondotik.  Horren arabera, epai-biderik ez da zabalduko,  akusazio popularrak bakarrik egiten duenean eskari hori eta Fiskaltza eta kasuan zuzenean kaltetutako aldeak kontra agertzen direnean. Mailegu luzapenen auzian hala gertatu zen: ez fiskaltzak, ezta Estatuko Abokatutzak ere, ez zuten Botinen aurkako salaketarik jarri.

Aipatzekoa da, halaber, Alfredo Saez urtetan Emilio Botinen konfiantzazko gizona izandakoa  1994an hainbat enpresabururen kontrako salaketa faltsuengatik zigortu zutela, baina, ondoren, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak indultatu egin zuela.

Biografia

Santanderren jaio zen Emilio Botin, 1934ko urriaren 1ean.  Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide eta Ekonomia ikasketak.

24 urte zituela hasi zen lanean Santander Bankuan eta ardura postuak izan zituen, hasiera hasieratik. 1960tik bankuko idazkaria izan zen eta 1986ko azaroaren 19an izendatu zuten presidente.

Paloma O’Shea Artiñanorekin zegoen ezkonduta, eta sei seme-alaben aita zen. Ana Patricia Botin bere alabetako bat da Santanderren hurrengo presidente izateko hautagai nagusienetako bat. Botindarren leinuak, beraz, ez du etenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Banco Santander albisteak