Ekonomia -
Heriotza
Emilio Botin Santander bankuaren presidentea hil da
79 urteko bankaria bart hil da, bihotzekoak jota. Arratsaldean hautatuko dute haren ordezkoa, eta Ana Patricia alaba da hautagai nagusia.
Erredakzioa
Emilio Botin Santander bankuaren presidentea hil da bart, 79 urte zituela, bihotzekoak jota, bankuak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez. Hilotza gaur bertan eramango dute jaioterrira, Santanderrera.
"Santander Bankuak Emilio Botin presidentearen heriotza jakinarazi nahi du atsekabez", adierazi dio prentsa-oharrean Balore Merkatuen Batzorde Nazionalari.
Santanderren Kontseiluko araudiaren 24. artikuluan agertzen denez, gaur bertan bilduko dira izendapen batzordea eta administrazio kontseilua presidente berria hautatzeko.
Botin 1934ko urriaren 1ean jaio zen Santanderren. Familiaren finantza tradizioaren oinordeko izan zen, bere aitona eta bere aita Santander bankuaren presidente izan baitziren, 1986an kargua hartu aurretik.
Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatua, Emilio Botin 24 urterekin sartu zen Santander bankuan, zerbitzu zentralen alorrean eta zuzendariorde nagusi gisa.
1960tik izan zen kontseilari, lau urte geroago zuzendari nagusi izendatu zuten, eta 1971rako administrazio kontseiluaren bigarren presidenteorde zen.
1986ko azaroaren 19an jarri zuten gaur arte izan duen karguan, Santander bankuaren presidente karguan. Gainera, presidente izateaz gain akziodun nagusi ere bazen, lehenengo aldiz finantza erakundearen historian.
Horren kudeaketaren gakoa nazioarteko merkatua izan da, eta Espainiako Estatuan egindako bat-egite eta erosketa prozesuak, Estatuko banku indartsuena izatea lortu baitzuen.
Emilio Botin Paloma O'Shea Artiñanorekin zegoen ezkonduta, eta sei seme-alaba zituen. Ana Patricia Botin alaba da Santander UK Britainia Handiko filialaren zuzendaria.
Ana Patricia Botin, hautagai nagusia
Santander bankuaren izendapen batzordea eta administrazio kontseilua gaur arratsaldean bilduko dira bankuaren presidente berria aukeratzeko.
Emilioi Botinen lekua hartzeko hautagaien izenik zabaldu ez bada ere, adituek diote Ana Patricia Botin alaba, Santander UKren kontseilari ordezkaria, dela taldearen presidente kargua hartzeko hautagai nagusia.
Ana Patricia Botín 1960ean jaio zen eta Ekonomia Zientziak ikasi zituen. 1989an izendatu zuten lehenengo aldiz bankuaren kontseilari.
Santanderren kontseilari ordezkaria da egun, 1981etik 1988ra JP Morganen egon ostean. 1992an Banco Santander, S.A.-ren zuzendari nagusi izendatu zuten, eta 2002 eta 2010 artean Banestoren presidente exekutibo izan zen.
Bestalde, The Coca-Cola Companyko kontseilari ez exekutiboa ere bada.