Ekonomia -

EB-ko Justizia Auzitegia

Oinordetza zergak EBko arauak urratzen dituela ebatzi du Auzitegiak

Ebazpenaren argudio nagusia da Espainiako Estatuan bizi ez direnek gehiago ordaindu behar dutela, ezin baitituzte erkidegoek eskaintzen dituzten abantailak jaso.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren egoitza, Luxenburgon. Argazkia: Efe
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren egoitza, Luxenburgon.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren egoitza, Luxenburgon. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du Espainiako Estatuko oinordetza eta dohaintzen gaineko zergak arau europarrak urratzen dituela, Espainiako Estatuan bizi ez direnei gehiago ordainarazten dielako, ezin baitituzte erkidegoek ematen dituzten abantailak eskuratu.

Ebazpenean arrazoia eman diote Europako Batzordeari. Izan ere, 2011n salaketa aurkeztu zuen, zerga horrek kapitalen zirkulazio librea galarazten zuelakoan.

Espainiako Estatuan dagoen oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga erkidegoek kudeatzen dute, eta zergadunak (atzerrian bizi delako) erkidegoren batekin harremanik ez duenean soilik aplikatzen da Estatuko araudia. Hala, Espainiako Estatuan bizi diren zergadunek atzerrian bizi direnek baino askoz gutxiago ordaindu behar izan dute zerga horrengatik, Estatuaren araudia gogorragoa delako.

"Aipatu zerga onurak jaso ezin dituztenez, oinordetzaren edo dohaintzaren balioa murriztu egiten da. Justizia Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera, murrizketa hori kapitalen zirkulazio librerako oztopoa da", azpimarratu dute ebazpenean. Hori dela eta, auzitegiarentzat "Espainiako legediak kapitalen zirkulazio librea mugatzen du" eta hori "debekatu" egiten du EBko Itunak.

Auzitegiaren arabera, muga hori ez dago justifikatuta, "ez baitago desberdintasunik Espainiako Estatuan bizi diren eta bizi ez diren herritarren artean, eta Espainiako legediak subjektu pasibo gisa aitortzen ditu Espainian dauden ondasun higiezinak oinordekotzan edo dohaintzan jasotzen dituztenak, non bizi diren aintzat hartu gabe".

Horren harira, Auzitegiak ez ditu Espainiako Gobernuaren argudioak onartu. Madrilek argudiatu du zerga iruzurra saihesteko neurri gisa egiten dutela hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea