Ekonomia -
Iberdrolaren emaitzak
Iberdrolak 1.503 milioi euroko irabaziak izan ditu ekainera arte
2013ko epe berean baino % 13 gutxiago irabazi du, eta Espainiako Gobernuak onartutako lege arautzaileei egotzi die irabazietan izandako beherakada.
Erredakzioa
Iberdrolak 1.503 milioi euroko mozkin garbia izan du 2014ko lehen seihilekoan, 2013ko epe berean baino % 13 gutxiago, Iberdrolak berak asteazken honetan jakinarazi duenez. Konpainia elektrikoak Espainiako Gobernuak onartutako lege arautzaileei egotzi die irabazietan izandako beherakada.
Konpainia elektrikoak Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari helarazi dizkio 2014ko lehen seihilekoaren datuak. Horien arabera, 15.185 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu, 2013ko aldi berean baino % 4,4 gutxiago. Esplotazio emaitza garbia, berriz, 3.745 milioi eurokoa izan da. Iberdrolaren produkzioa % 3,5 hazi da, guztira 73.062 gigawattekoa izan baita. Bestalde, Espainiako Gobernuak onartutako erreforma elektrikoak eta fiskalitatean egindako aldaketek 369 milioi euroko eragina izan dute, Iberdrolak ohar batean adierazi duenaren arabera.
2014. urtea osorik kontuan hartuta, Espainiako Gobernuak 2011tik hona onartutako lege arautzaileek 1.395 milioi euroko eragina izango dutela aurreikusi du Iberdrolak. Bestalde, nazioarteko negozioak, gasarekin loturikoak bereziki, izaten ari diren emaitza onak nabarmendu eta produkzioaren gorakadak erreformen eragin negatiboak arintzeko balio izan duela azpimarratu du, eta 2014-2016 aldirako egindako aurreikuspenak berretsi ditu konpainiak.