Ekonomia -
Lan gatazka
Laminaciones Arregiko langileek Gorenaren ebazpena txalotu dute
Gorenak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak duela 2 urte esandakoa berretsi eta baliogabetu egin du 358 langileren kaleratzea aurreikusten zuen lana erregulatzeko txostena.
Erredakzioa
Celsa Atlantic enpresak (Laminaciones Arregui zena) Araban dituen lantegietako langileek Auzitegi Gorenak ostegunean kaleratutako ebazpena txalotu dute. Izan ere, Celsa Atlanticen Gasteizko eta Urbinako lantegietako 358 langileren kaleratzeak aurreikusten zituen lana erregulatzeko txostena baliogabe utzi du Auzitegi Goreneko lan-arloko gelak.
Honenbestez, EAEko Auzitegi Nagusiak 2012ko urrian plazaratutako epaia berretsi du Gorenak. Konpainiak helegitea aurkeztu zuen, baina Gorenak atzera bota du.
EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak bertan behera utzi zituen bere epaian. Lana erregulatzeko txostena "enpresaren errepresalia" izan zela azaldu zuen epaiak; izan ere, egun bat lehenago langileek greba hasi zuten aurretik aurkeztutako txosten baten aurka protesta egiteko. Aurreneko txostenak 91 kaleratze aurreikusten zituen.
Auzitegi Gorenak ostegunean argitaratu zuen ebazpena, baina enpresa batzordeak autoa esku artean izan arte itxaron du berau langileen batzarrean irakurri ahal izateko.
Enpresa batzordeak langile guztien garaipena izan dela nabarmendu du eta eskerrak eman dizkie langileei bi urteotan borrokari tinko eutsi diotelako. Bestalde, lanera lehenbailehen itzultzeko itxaropena adierazi du.