Ekonomia -

Bilera

Ibaiganeko langileek birkokatuak izateko eskatu diote Hezkuntzari

Hezkuntzak azaldu die bere betebeharra ikastetxeko ikasle guztiak beste zentroetan kokatzea zela, baina Ibaigane ikastetxe pribatua izanik, langileekin "oso mugatuta" daudela adierazi die.

Ibaigane ikastetxea, Bilboko Deustu auzoan. EiTB
Ibaigane ikastetxea, Bilboko Deustu auzoan. EiTB
Ibaigane ikastetxea, Bilboko Deustu auzoan. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren kurtsoan itxiko duten Ibaigane ikastetxeko langileen ordezkariak gaur bildu dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin, eta birkokatuak izateko "mugitzeko" eskatu diote, zentro kontzertatua izanik, arazoa konpontzeko beharra duela esanez.

Ordezkariak, guztiak ELA sindikatukoak, Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordearekin bildu dira lehen aldiz, duela hilabete bilera eskatu zutenetik.

Jesus Ituño ELAko Irakaskuntza Pribatuko arduradunak azaldu duenez, bileran zehar, Aurrekoetxeak langileen proposamenak "kontuan hartu" ditu eta, aztertu ondoren, datorren astean emango dituen pausoen berri emango diela adierazi die.

Ituñoren arabera, Hezkuntzak azaldu die bere betebeharra ikastetxeko ikasle guztiak beste zentroetan kokatzea zela, baina Ibaigane ikastetxe pribatua izanik, langileekin "oso mugatuta" daudela.

ELAk zehaztu duenez, administrazio publikoak % 80an finantzatzen duen zentro kontzertatua da Ibaigane, eta "erantzukizunen bat izango du Hezkuntzak" bai langileekiko, baita "zentroak zituen zailtasun ekonomikoez ez ohartzearekiko" ere.

Kristau Eskola zentro kontzertatu erlijiosoen patronatuari eta Ibaiganeko Bigarren Hezkuntzako ikasleak hartuko dituen Salesianos ikastetxeari "zuzenean edo zeharka presioa egitea" proposatu diote langileek Hezkuntzari, euren kontratazio berrietan kontuan har ditzaten.

Ituñok adierazi du "beste formula batzuk" ere badaudela, esaterako, kontzertatuetan birkokatzeko poltsa sortzea edo izena emanda dauden langileak lan poltsa publikoan aktibatzea.

Ibaigane ikastetxea abuztuaren 31n itxiko dute, eta 38 langile ditu; azpikontratatuak kontuan hartuta, ordea, berrogeita hamarretik gora.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea