Ekonomia -
EB-ren isuna
Madrilek 30 milioi eskatu dizkio EAEri opor fiskalen isuna ordaintzeko
Euskal erakundeek (Jaurlaritzak eta hiru aldundiek) elkarrekin hitz egin beharko dute aipatu isuna nola ordaindu adosteko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundik Espainiako Ogasun Ministerioaren gutuna jaso dute gaur, eta bertan 'opor fiskalak' direla eta jasotako isuna ordaintzeko 30 milioi euro eskatzen dizkie Madrilek euskal erakundeei. Orain, euskal erakundeak adostasun batera heldu beharko dira ordainketa nola banatu erabakitzeko. Bizkaiko eta Arabako aldundietako iturriek jakitera eman dutenez, goizean jaso dute oharra.
Erakunde batzuetan oraindik ez omen dute agiria jaso, baina Jaurlaritzako Ogasun Sailetik azaldu dute badakitela jasoko dutela, eta orain garrantzitsuena euskal erakundeen artean "hitz egin beharra dutela" dela, isuna nola ordaindu erabakitzeko.
EBko Justizia Auzitegiak, maiatzaren 13an kaleratutako ebazpen batean, 30 milioi euroko isuna ezarri zion Espainiako Erreinuari 90ko hamarkadan emandako legez kanpoko laguntza horiek beranduegi berreskuratzeagatik. Hala eta guztiz ere, Europako Batzordeak 64 milioi euroko isuna eskatzen zuen, baina auzitegiak 30ean utzi zuen.