Ekonomia -

Administrazio publikoa

Jaurlaritzak gaur ordainduko du Gabonetako aparteko ordainsaria

Espainiako Gobernuak 2012an erabaki zuen administrazio publikoko langileei aparteko ordainsaria kentzea. Jaurlaritzak helegitea jarri zuen Auzitegi  Konstituzionalean.

Eusko Jaurlaritza.
Eusko Jaurlaritza.
Eusko Jaurlaritza.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du gaur ordainduko diela euskal administrazio publikoko 70.000 langileei Gabonetako aparteko ordainsari aurreratua.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak egindako "murrizketen" aurrean jarri zituzten errekurtsoak "ahalik eta azkarren" aztertzeko eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari.

Agiri baten bidez, Jaurlaritzak esan du aparteko ordainsaria aurreratuta, Espainiako Gobernuaren erabakiaren eragina jasan duten langile publikoei laguntzeko hautua berresten duela.

Espainiako Gobernuak aparteko ordainsariak, Gabonetakoa eta udakoa, erretiratzea erabaki zuen 2012an. Ondorioz, Eusko Jaurlaritza aparteko ordainsaria aurreratzen hasi zen.

Iñigo Urkulluren Gobernuak gogora ekarri du helegiteak jarri zituztela Auzitegi Konstituzionalean neurri horren eta beste murrizketa batzuen kontra.

Helegite horien inguruko erabakia "ahalik eta azkarren" hartzeko eskatu dio Konstituzionalari, eta, epaia iritsi bitartean, eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen jarraituko duela azpimarratu du, "langile publikoei egindako kaltea gutxitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea