Ekonomia -
Polemika
Zer da SICAV bat?
Dirudunek zerga gutxiago ordaintzeko erabiltzen duten tresna bat da.
Erredakzioa
Kapital aldakorreko inbertsio sozietate bat (SICAV) dirudunek erabilitako tresna bat da, dagozkienak baino zerga gutxiago ordaintzeko. Izan ere, sozietate horren helburu bakarra finantza aktibotan inbertitzea da, eta oso zerga gutxi ordaindu behar ditu.
Finantza elkarte mota hau oso ohikoa da Europan, dirudunen eta inbertsio funtsen artean, onura fiskal ugari dituelako.
Nola sortzen da SICAV bat?
Baldintza batzuk bete behar dira: sozietate hauek gutxienez 100 bazkide eta 2,4 milioi euroko kapitala izan behar dituzte.
Inbertsio mugak ere badituzte, kapitala burtsan kotizatzen duten balioetara bideratu behar delako. Gainera, hainbat sozietatetan dibertsifikatu behar da.
Zeintzuk dira onurak?
SICAV sozietateek lortutako mozkinen % 1 baino ez dute ordaintzen zergetan.
Nortzuk daude sozietate hauetan?
Espainiako SICAV inportanteenetako bat Morinvest da, eta Alicia Koplowitz enpresaburua da horren partaideetako bat.
Bai Espainian, bai atzerrian, SICAV ugari egoitza Luxenburgon duten inbertsio funtsek kudeatzen dituzte.
Europako Parlamentuaren kasua
Asteon polemika piztu da, hainbat europarlamentarik SICAV batek kudeatutako pentsio funts pribatua dutela jakinarazi baitu hedabide batek. Parlamentari horien artean Willy Meyer (IU) zegoen, eta dimisioa eman du.
Europako Parlamentuaren esanetan, pentsio funts hori 1990. urtean sortu zuten hainbat europarlamentarik, eta harrezkero beste hainbatek egin dute bat.
Urte horretan bertan, Europako Parlamentuko Mahaiak funts horrekin kolaboratzea erabaki zuen, eta "guztiz legezkoa" dela eta pentsio sistemen "osagarri gisa ohikoak" direla esan du.
2009. urtean, Parlamentuak funtsa utzi zuen, Eurodiputatuaren Estatutua onartu zutelako.