Ekonomia -
Erreforma fiskala
De Guindos: 'Erreforma fiskalak herritarren errenta handituko du'
Ekonomia ministroak ukatu egin du zergak murrizteko erabakia botoak lortzeko asmoz egin izana.
Erredakzioa
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak esan du erreforma fiskalak herritarren errenta handitzea ekarriko duela eta enplegua sortzen lagunduko duela.
"Ministroen Kontseiluak gaur onartuko duen erreformarekin espainiarren errenta ahalmenak gora egingo du 2015eko urtarriletik aurrera", azpimarratu du Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen bilerara iritsi denean. Erreforma fiskalaren xehetasunak azalduko dizkie De Guindosek.
Bestalde, ukatu egin du zergak jaitsita Gobernuak botoak eskuratu nahi dituela.
"Sistema fiskal egokiago bat izatea eta epe laburrean eta luzean hazkuntza ekartzea bilatzen duen erreforma da; ez da erreforma alderdikoia", azaldu du.
Erreformaren bitartez enpleguaren gaineko zergak murriztuko direla, horrek BPGan eragin positiboa izango duela eta enplegua sortzen lagunduko duela esan du.
Horrez gain, erreforma fiskala Bruselak eta Euroguneak Espainiari egindako gomendioekin bat datorrela adierazi du.