Ekonomia -
Negoziazio kolektiboa
Metalaren Hitzarmena negoziatuko ez duela esan die Adegik sindikatuei
"Patronalak pribilegioak mantendu" nahi dituela salatu du ELAk. Bestalde, Adegiren "jarrera autoritarioa" kritikatu du LABek. Adegik "langileak abandonatu" dituela uste du CCOOk.
Erredakzioa
Gipuzkoako Metalaren Hitzarmena Auzitegi Gorenaren epaia izan arte negoziatuko ez duela jakinarazi die Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak sindikatuei.
Gipuzkoako Metalaren Mahaia bildu da gaur Donostian. Negoziazioaren "eginbeharra" bete egingo duela azaldu du Adegik idatzi batean.
Hala ere, "negoziazioaren betebeharra baldintzaturik" dagoela gogorarazi dute enpresaburuek; izan ere, "LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek judizializazioari ekin zioten".
Zentzu horretan, oraindik Auzitegi Gorenaren epaiaren zain daudela gogorarazi du Adegik. 2010-2011 urteetarako sinatutako hitzarmena indarrean dagoen ala ez erabaki behar du Gorenak.
Sindikatuen kritikak
ELA sindikatuaren hitzetan, metalaren mahaiko bilerak "patronala lan erreformaren pribilegioak mantentzearekin itsututa dagoela demostratu du berriro".
CCOOren ahotan, Adegik "metalaren langileak eta Gipuzkoako enpresa guztiak abandonatu eta bazterrean utzi ditu".
Azkenik, Adegik bileran azaldutako "jarrera autoritarioa" eta "negoziatzeko borondate eskasa" kritikatu ditu LAB sindikatuak. Adegi "presio lobby" bat bezala funtzionatzen ari dela salatu du sindikatu abertzaleak, patronal "arduratsu" bat izan beharrean.