Ekonomia -

'Enpresaren Eguna'

Enpresaburuak eta enplegua 'zigortzea' leporatu dio Adegik Bilduri

Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko presidenteak "errespetua" eskatu die "sekula lanposturik sortu ez dutenei, eta baita etorkizunean sortu nahi ez dutenei ere".

Pello Guibelalde eta Arantza Tapia 'Enpresaren Egunean'. Argazkia: EFE
Pello Guibelalde eta Arantza Tapia 'Enpresaren Egunean'. Argazkia: EFE
Pello Guibelalde eta Arantza Tapia 'Enpresaren Egunean'. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Enpresaburuak eta enplegua zigortzea" leporatu dio gaur Pello Guibelalde Adegiko presidenteak Gipuzkoako Aldundiari.

Adegik 'Enpresaren Eguna' antolatu du eta Guibelaldek amaiera eman dio hitzaldi batekin. Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko presidenteak hitza hartu eta Bilduren aurka egiteko aprobetxatu du. Bilduren Gobernuak aberastasunaren gaineko zerga ezarri zuen Gipuzkoan. Enpresaren ondasunei eta sozietate-partaidetzei zerga ezarri zien.

Adegiko presidentearen hitzetan, Gipuzkoan gobernatzen ari direnek "enpresaburuak oparotasunean jaio diren pertsonak direla uste dute". Guibelaldek "errespetua" eskatu die "sekula lanposturik sortu ez dutenei, eta baita etorkizunean sortu nahi ez dutenei ere".

"Erasoa"

Aberastasunaren gaineko zerga Gipuzkoako "enpresaburuen arimaren aurkako eraso" bat dela salatu du Adegiko presidenteak; izan ere, zerga aplikatzen duen lurralde bakarra da.

"Lanpostuak sortzera bideratzen den enpresaburuen ondarea zigortuz, enplegua ere zigortzen da", argudiatu du Guibelaldek.

Guibelaldek bukatu eta gero, Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak hitza hartu du. Tapiak Bilduren kudeaketa kritikatu du. "Borrokatik, estortsiotik edo xantaiatik datozenen" aurrean enpresaburuei babesa eman die sailburuak. "Leziorik ez emateko" eskatu die Tapiak Bilduko ordezkariei.

EH Bilduren erantzuna

Adegiko presidentearen adierazpenei erantzunez, EH Bilduk esan du Gipuzkoako patronalak ez duela inongo interesik kalitatezko enplegua sortzeko eta ''onurak gehitzea'' baino ez duela bilatzen.

Ohar baten bidez, Joseba Permachek salatu du enpleguaren aitzakia erabiltzen duela Adegik Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontra jotzeko, ''Estatu osoan langabezia gutxien duen lurraldean, hain zuzen ere''. Halaber, Permachek dio aberastasunaren zergaren kontrako jarrerak interes zehatz bati erantzuten diola: ''eskuineko alderdiek patronalari urtetan eman izan dioten pribilegioari eustea''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Adegi albisteak EH Bildu Gipuzkoa Enpresak