Ekonomia -
'Opor fiskalak'
Euskal erakundeak, zatituta 30 milioiko isuna ordaintzeko orduan
Aldundiak eta Jaurlaritza atsekabetuta agertu dira, nahiz eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak zenbatekoa erdira murriztu.
Erredakzioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 30 milioi euroko isuna jarri dio Espainiari, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek euskal 'opor fiskalak' izenarekin ezagutzen diren laguntzak denboraz kanpo berreskuratzeagatik. Euskal erakundeek eta alderdiek ordainketari aurre egiteko moduaz ez dira ados jarri.
Aldundiak eta Jaurlaritza atsekabetuta agertu dira, nahiz eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak zenbatekoa erdira murriztu; izan ere, Europako Batzordeak 64 milioi euroko isuna izatea proposatu zuen.
Isuna Espainiari ezarri diote, baina euskal erakundeek egin beharko diote aurre. Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari isunaren berri eman eta 20 eguneko epea izango dute erakundeek ordaintzeko.
Zigorra
Honenbestez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 30 miloi euroko isuna jarri dio Espainiari.
Espainiak laguntza horien % 100 berreskuratu du jada (500 milioi euro inguru), baina zati handi bat denboraz kanpo bueltatu ziren (12 urteko atzerapenaz), Europako erakundeen arabera.
Hala ere, isuna Auzitegiko abokatuak proposatutakoa (50 milioi eurokoa) baino txikiagoa da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek enpresei emandako laguntzak legez kanpokoak zirela erabaki zuen Europako Batzordeak 2001ean, eta laguntza horiek bueltatzea eskatu zuen, eta 2006an epaia berretsi zuten. Orotara, 300 enpresak jaso zituzten laguntzak.
Eusko Jaurlaritza
Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuaren ustez, Europako Auzitegiak Espainiari ezarritako isuna "neurrigabea" eta "gehiegizkoa" da. Hala ere, eta Espainiako Gobernuak isun horren aurrean hartuko duen jarrera ezagutu arte, "zuhurtziaz" eta "arduraz" jokatzeko eskatu die Foru Aldundiei.
Isunak euskal erakundeetan izango lukeen eragina aztertu eta "balizko aginduak" nola bete erabakitzeko Finantza Publikoen Euskal Kontseilua deitzea proposatu du Gatzagaetxebarriak.
Aldundiak
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du Euskal Finantzen Kontseiluaren ezohiko bilera deitzea eskatuko dutela, Europak ezarritako zigorrari nola aurre egin "ahalik eta azkarren" erabakitzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak epaia onartzen duela eta bertan esaten dena betetzeko asmoa duela azpimarratu du, ebazpenarekin bat etorri ez arren. Isuna "injustua eta gehiegizkoa" dela adierazi du Bilbaok, "baina garrantzitsuena laguntzak berreskuratzea zen eta hori aspaldi egin zen", erantsi du.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren hitzetan, Eusko Jaurlaritza opor fiskalen bidez lortutako laguntzak "kobratzeko prest" egon bazen, "orain isuna ordaintzeko prest" egon beharko luke.
Horren harian, Jaurlaritzak isunaren % 70 ordaindu beharko lukeela adierazi du De Andresek, eta ordaintzeko prest ez badago, "Arabari ingresatutakoa itzuli beharko dio".
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak esan du epaiak agerian utzi duela "arduragabekeria politikoaz" jokatu zela eta orain erantzukizuna norena den argitu behar dela.
Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Foru Aldundiek Finantzen Euskal Kontseilua deitu beharko dute, isuna nola ordaindu erabakitzeko, Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatu ohiak azaldu duenez.
Eitb.com-i egindako adierazpenen arabera, "bidezkoena" Lurralde Historiko bakoitzak opor fiskalak bueltatzeko izan duen "erantzukizuna" bere gain hartzea litzateke. Izan ere, atzerapen hori izan da Europak ezarritako isunaren arrazoi nagusia.
Europako Batzordea
Europako Batzordeak txalotu egin du EBko Justizia Auzitegiak Espainiari jarritako isuna. "Batzordeak pozik jaso du Justizia Auzitegiaren epaia", esan du Antoine Colombiani Lehiarako bozeramaileak.
"Auzitegiak baieztatu egin du denbora gehiegi eman zutela legez kanpoko diru-laguntzen dirua berreskuratzen eta ezin izan dutela atzerapena justifikatu", Colombianiren iritzian.