Ekonomia -

Isuna opor fiskalengatik

Isunaren % 70 Jaurlaritzak ordaintzea eskatu dute Gipuzkoak eta Arabak

Bestalde, Jose Luis Bilbaok iragarri du Bizkaiko Diputazioak Euskal Finantzen Kontseiluaren ezohiko bilera eskatuko duela, isunari nola aurre egin erabakitzeko.

Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendaria. EFE
Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendaria.
Bilbao: 'Isuna gehiegizkoa eta bidegabea da'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 30 milioiko isuna ezarri dio Estatuari, 90eko hamarkadan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 300 enpresak jaso zituzten laguntzak (gerora legez kanpokotzat jo zituzten laguntzak) berandu itzultzeagatik.

Euskal Finantzen Kontseiluaren ezohiko bilera eskatuko du Bizkaiko Diputazioak

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du Euskal Finantzen Kontseiluaren ezohiko bilera eskatuko dutela, Europak ezarritako zigorrari nola aurre egin "ahalik eta azkarren" erabakitzeko.

Bizkaiko Diputazioak epaia onartzen duela eta bertan esaten dena betetzeko asmoa duela azpimarratu du, ebazpenarekin bat etorri ez arren.

Isuna "injustua eta gehiegizkoa" dela adierazi du, "baina garrantzitsuena laguntzak berreskuratzea zen eta hori aspaldi egin zen", erantsi du.

Epaia gogorra izan dela aitortu arren, "okerragoa" izan zitekeela ere esan du; "izan ere, Europako Batzordeak 64,5 milioi euroko isuna eskatu zuen eta azkeneko ahozko epaiketan 50 milioi eurokoa galdegin zuten".

Gauzak horrela, egoera "ezohikotzat" jo du Bilbaok, eta, ondorioz, "Euskal Finantzen Kontseiluaren ezohiko bilera" deituko duela iragarri du.

Horrez gain, eta aipatu bilera egin ostean, Kontzertuaren Batzorde Mistoa ere batzartu beharko litzatekeela iritzi dio.

Javier de Andres: 'Jaurlaritza kobratzerakoan egon bazen, ordaintzerakoan ere egon beharko da'

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak esan du, Eusko Jaurlaritza opor fiskalen bidez lortutako laguntzak "kobratzeko prest" izan bazen, "orain isuna ordaintzeko prest" egon beharko litzatekeela.

Ildo horretan, De Andresek berriro esan du Jaurlaritzak isunaren % 70 ordaindu beharko lukeela, eta ordaintzeko prest ez badago, "Arabari ingresatutakoa itzuli beharko dio".

Horrez gain, Arabako diputatu nagusiak gogora ekarri du epaiak baztertu egiten duela arau-haustea "indibiduala" izan zela, arau-hauste hori 2008ko abuztuaren 27an gertatu zela eta orduan laguntzak berreskuratu gabe zeudela.

Datu hori garrantzitsutzat jo du, euskal diputazioetako ogasunek "erantzukizun bera" dutela erakusten duelakoan.

Bestalde, isuna ordaintzerakoan diputazio bakoitzaren sarrerak kontuan izan beharko liratekeela azpimarratu du. Alabaina, ordainketa nola gauzatu behar den erabakitzeko barne-bilerak egitearen alde agertu da.

Larraitz Ugarte: 'Isuna oso larria da eta erantzukizun politikoak argitu behar dira'

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak esan du epaiak agerian utzi duela "arduragabekeria politikoaz" jokatu zela eta orain erantzukizuna norena den argitu behar dela.

Ugartek nabarmendu du 30 milioiko isuna "oso larria" dela, hasiera batean aurreikusitakoa (50 milioi) baino baxuagoa izan arren. "Tragedia bat da euskal herritarrok 30 milioi ordaindu behar izatea bere garaian legez kanpoko laguntzak jaso izanagatik", erantsi du.

"Honen guztiaren erantzuleek arduragabekeriaz eta tranpak eginez jokatu zuten", azpimarratu du. Isuna nola ordaindu beharko litzatekeen galdetuta, Ugartek adierazi du une honetan garrantzitsuena erantzukizun politikoak argitzea dela. "Europak isun oso larria ezarri du eta orain ardura politikoak argitu behar dira", gaineratu du.

Amaitzeko, Jaurlaritzaren eta Arabako eta Bizkaiko diputazioen jarrera kritikatu du, "epaiaren xehetasunak bertarik bertara ezagutzeko Luxenburgon egon den erakunde bakarra Gipuzkoako izan delako".

Bestalde, Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendariak nabarmendu du 30 milioiko isuna "dirutza izugarria" dela eta "bere garaian (2006-2011) gauzak gaizki egitearen ondorioz" ezarritako zigorra dela.

"Epaiak dio laguntzak nahita itzuli zirela berandu, eta orain horren ondorioak ditugu esku artean. Berez, estrategia hori bultzatu zutenek (EAJ, PP eta Confebask) ordaindu beharko lukete isuna", azaldu du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

Gipuzkoako Foru Aldundia Arabakoarekin bat dator eta isunaren % 70 Jaurlaritzak ordaindu beharko lukeela uste du. "Euskal baliabideak 30 milioitan gutxituko dira; baliabide horien % 70 Jaurlaritzara bideratu zen eta gainerako % 30a diputazioetara eta udaletara. Horrenbestez, guk uste dugu Jaurlaritzak isunaren % 70 ordaindu beharko lukeela eta gainerakoa diputazioek", zehaztu du.

Amaitzeko, Olanok esan du isuna nola ordaindu behar den eztabaidatzeko foro egokiena Euskal Finantzen Kontseilua dela, eta argitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza gehiena itzuli duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea