Ekonomia -

Finantza Publikoen Kontseilua

Ekarpenen inguruan akordio zabala lortzea espero du Jaurlaritzak

Ekarpenen Legea doitzeko orduan, herrialde guztiak ''eroso'' egongo diren ereduaren alde azaldu da, ''arriskuak elkar banatuta eta finantzen neutraltasuna eta eskumen banaketa oinarri hartuta''.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekarpen Legea doitzeko, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren baitan ''akordio zabala'' lortzea espero du Eusko Jaurlaritzak, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak adierazi duenez. Zehazki, herrialde guztiak ''eroso'' egongo diren ereduaren alde azaldu da sailburua, ''arriskuak elkar banatuta, eta finantzen neutraltasuna zein eskumen banaketa oinarri hartuta''.

Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean agerraldia egin du Gatzagaetxebarriak, PSE-EEk eskatuta, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak otsailaren 13an hartutako erabakien berri emateko.

Joan den hileko bilera horretan, ekarpenen inguruko akordioa lortu zuten Jaurlaritzak eta aldundiek, eta 7,8 milioi euroko konpentsazioa adostu zuten Gipuzkoarentzat eta 2,2 milioikoa, berriz, Arabarentzat. ''Aho batez hartu zen erabakia'', azpimarratu du Gatzagaetxebarriak, eta akordioa ''demokratikoa eta legezkoa'' dela defendatu du. Hala, ''koherentzia'' eskatu die sozialistei.

Kontseilariak adierazi duenez, ''ekonomia bakoitzaren pisu errealean oinarritzen da Ekarpen Legea; lurralde bakoitzaren errentan''. Ildo horretan, egungo ereduak ''konpondu'' beharreko hainbat ''kontu'' dituela onartu arren, funtzionatzen duela azpimarratu du.

Legea aldatzeko beharra

Alderdi guztiak bat etorri dira legea moldatzeko beharra azpimarratzerakoan. PSE oso kritiko agertu da akordioarekin. “Lege baten moldaketa ezin da lau pertsonen artean egin. Legea ezin da hiru diputatu nagusi eta sailburu baten artean egin”, zehaztu du.

EAJko Josune Gorospek akordioa lortzeko zailtasunak nabarmendu ditu “erakundeetan alderdi ezberdinek agintzen baitute”. EH Bilduko Leire Pinedo, berriz, egungo sistema moldatzearen alde agertu da. “Argi gelditu da zerbait ongi ez garela egiten ari”, esan du.

Alderdi Popularreko Mª Carmen Lopezek Exekutiboak aldaketa horiek bultzatuko dituela espero du, “2015ean banaketa sistema estuagoa izan dadin”. UPyDko Gorka Maneiro Legea aldatzearen  eta erakundeen antolaketa aldatzearen alde agertu da. “Diputazioek enbarazo egiten dute”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak