Ekonomia -
Ez dute hitza bete
Eusko Jaurlaritzak 5 milioi itzultzea eskatu dio Corrugadosi
2012an emandako laguntza itzultzeko eskatu diote, ez dutelako Euskadin "jarduera eta enplegua mantentzeko" konpromisoa bete.
Corrugados Azpeitia enpresari (Gallardo taldekoa) 5 milioi euroko mailegua itzultzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak. 2012an lortutako akordioa zen eta iraungipeneko lan-erregulazioko txostena aurkeztean, Euskadin "jarduera eta enplegua mantentzeko" konpromisoa apurtu dutela uste dute.
Iragan martxoan "harrituta" azaldu ziren enpresa itxiko zutela iragarri zutenean eta lan-erregulazioko txostena aurrera eramateko erabakia berriz aztertzeko eskatu zieten, neurri "kaltegarri" horiek alboratuz. Halere, Gallardo taldeak aurkeztutako txostenaren bitartez, 339 lagun kaleratu zituzten eta Azpeitiako lantegia itxi zuten iragan abuztuan.
Lan-erregulazioko txostena epaitegietara eraman zuen langile batzordeak eta Auzitegi Nazionalak epaia ematearen zain daude, enpresak erkidego autonomo ezberdinetan hainbat lan-erregulazioko txosten aurkeztu baitzuen eta kasu horretan Audientzia Nazionalak epaitu behar du.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakiniarazi du 2012ko urtarrilaren 24ko prentsaurrekoan mailegu bat onartu zuela Corrugadosentzat, hasierako inbertsioen eta enplegua sortzearen plan baten baitan.
Erkorekak esan du bost milioiko laguntza izan zela eta mailegu hori bideragarritasun plan bati lotuta zegoela, tartean enpresaren kudeaketa hobetzea, nazioartera joateko plan bat egitea eta Euskadin jarduera eta enplegua mantentzea zituen betebehar nagusiak.
Ez ditu konpromisoak bete
Erkorekak jakinarazi du urtebete baino gehiago dabiltzala eskakizunak eta errekurtsoak egiten eta "azken pausua" eramango omen dute aurrera, Eusko Jaurlaritzak uste baitu ez direla "konpromisoak bete". Horrela, enpresari dirua itzultzea eskatu diote.