Ekonomia -
Eztabaida
Soria: 'Iberdrolak bost urte daramatza Estatuko inbertsioak murrizten'
Iaz, 800 milioi euro gutxiago irabazi zituztela adierazi zuen atzo Iberdrolako presidenteak, eta Gobernuaren politikaren ondorioz, inbertsioak Espainiatik kanpo ateratzen ari direla nabarmendu zuen.
Erredakzioa
Jose Manuel Soria Industria ministroak esan du aitzakia dela esatea Espainiako Gobernuaren erreforma energetikoak Iberdrolaren inbertsioak “uxatu” dituela, Ignacio Sánchez Galan presidentearen atzoko adierazpenei erantzunez.
Iaz, energia sektorearen erreformagatik 800 milioi euro gutxiago irabazi zituztela adierazi zuen atzo Iberdrolako presidenteak, eta Gobernuaren politikaren ondorioz, inbertsioak Espainiatik kanpo ateratzen ari direla nabarmendu zuen.
Soria ministroaren hitzetan, Iberdrolak “bost urte daramatza” Estatuan inbertsioak gutxitzen, eta 2009tik “ehunka milioika euro” murriztu dituela gaineratu du.
“Horrenbestez, murrizketa hauek 2013an egin genuen erreforma energetikoarekin zerikusirik ez dutela uste dut”, berretsi du.
“Enpresa handi, ertain edo txiki batek bere etekinak murriztea ez da inoiz albiste ona izango. Baina, azken urteetan itxi behar izan dituzten milaka enpresak, batez ere ertainak eta txikiak, dira kezka gehien pizten dutenak. Batez ere energiaren kostua % 60 igo delako itxi dute enpresa horiek, eta hori da Gobernutik konpondu behar dugula”, adierazi du.
Soriak ez ditu Sánchez Galanen kritikak baloratu nahi izan, “edozein iritzi askea eta zilegia” dela argudiatuz.