Ekonomia -
Ogasuna
Aldundien ekarpenaz eztabaidatuko dute gaur Finantzen Kontseiluan
Egun indarrean dagoen ekarpen legeak finkatuta uzten ditu bakoitzak egin beharreko ekarpenak, eta kasu honetan, Gipuzkoak eta Arabak bildutakoa baino gehiago bideratu beharko lukete funts horretara.
Erredakzioa
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren bilera izango da gaur, eta desadostasuna eragin duten gai bat baino gehiago izango dituzte mahai gainean Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien Ogasun arduradunek. Gaurko bileran eztabaida eragingo duen gai nagusia elkarteen gaineko zergaren bidez bildu duten diru gehigarriarena izango da.
Enpresen balantzea eguneratuta, Arabako eta Gipuzkoako Ogasunek Bizkaikoak baino diru gutxiago jaso dute nabarmen, eta ekarpen legeak kalte egingo diela iritzita, bete formula bat eskatu dute.
127 milioi euro bildu dituzte euskal erakundeek. Ia dena, 120 milioi euro, Bizkaian jaso dute, eta Gipuzkoan eta Araban 5 eta 2 milioi euro bildu dituzte, hurrenez hurren.
Gaur egun indarrean dagoen ekarpen legeak finkatuta uzten ditu bakoitzak egin beharreko ekarpenak, eta, kasu honetan, Gipuzkoak eta Arabak bildutakoa baino gehiago bideratu beharko lukete funts horretara, 36 milioi euro hain zuzen ere. Horregatik, ez daude ados banaketa horrekin, eta bildutakoari dagokiona ordaintzea eskatzen dute bai Arabak bai Gipuzkoak.
Gai zerrendatik kanpo badago ere, opor fiskalak direla eta Europar Batasunetik jaso dezaketen 50 milioi euroko isuna ere izango dute seguruenik mahai gainean. Kasu honetan ere, Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek gehiago ordaintzea nahi du Bizkaikoak, itzuli beharreko laguntzak berandu berreskuratu zituztelakoan.